Elizondoko Benito Menni ospitale zentroko langileek lan gatazkari eusten diote 2024ko abendutik, eta 300 greba egun bete zituzten atzo, irailaren 14an. «Lan baldintza duinak eta erabiltzaileendako kalitatezko arreta» aldarrikatzeko agerraldia egin dute bertze behin.
ELA sindikatuak azaldu duenez, Benito Menni «itundutako zerbitzu publikoa da, Nafarroako Gobernuaren funts publikoekin finantzatua. 2025ean hiru bilera egin ziren gobernuarekin, egoeraren berri emateko eta administrazioa zuzenean interpelatzeko zerbitzuaren kudeaketan, kalitatean eta lan baldintza duinak bermatzeko».
Hala ere, «gobernuaren inplikazio falta eta neurri eraginkorrak negoziatzeko borondate eza» salatu dute langileek. «Bere erantzukizunak alde batera uzten ari dela» adierazi dute, izan ere, zerbitzuak ez ditu betetzen «administrazioak berak sustatu nahi dituen pertsonengan oinarritutako arreta irizpideak». Gainera, «ez ditu beharrezko baldintzak jartzen sektore arras feminizatu batean lan baldintza duinak bermatzeko».
Otsailean Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatu zion «osasun mentalaren sektoreko berezitasunak kontuan hartzeko eta zerbitzuaren kalitatea zein langileen baldintzak hobetzeko beharrezko baliabideak jartzeko». Hala ere, «langileek ez dute erantzun zehatzik hartu eta Eskubide Sozialetako Zuzendaritzari eskatutako bilera ez da oraindik egin».
Bertzalde, enpresak «funtsezko aldarrikapenei erantzuten ez dieten proposamenekin segitzen du: soldata eskasak, lan karga handiak eta langile ratio desegokiak». Langileek urtean guttienez 22.400 euroko soldata gordina eskatzen dute, baita lanorduak jaistea ere eta arreta duina eskaintzeko hitzarmena sinatzea.
Gatazkak «agerian utzi ditu funtsezko zerbitzuen azpikontratazio ereduaren mugak. Erakunde pribatuek baliabide publikoak kudeatzen dituzte, lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea bermatu gabe». Gainera, «agerian gelditu da berdintasunaren inguruko diskurtso instituzionalen eta soldata arrakalak markatutako sektore feminizatu baten arteko kontraerrana. Hau ez da lan gatazka bat bakarrik, zaintza eredu duin baten aldeko borroka ere bada».
Negoziazioan «egiazko aurrerapenik izan ezean, langileek grebarekin eta mobilizazioekin segituko dute».