Movistarren lineak Baztanen dituen matxurak salatu ditu Geroa Baik

Ttipi-Ttapa

Etengabeko matxurak eta etenaldiak «hondamendia» direla adierazi du taldeak eta Telefonica konpainiari eskatu diote «azalpenak eman ditzan eta etengabeko matxura hauei konponbidea emateko neurriak har ditzan»

Baztango Geroa Baik salatu duenez, «Movistarrek ematen duen zerbitzuan gertatzen diren etengabeko matxurak eta etenaldiak hondamendia dira merkataritzarendako, eta behin eta berriz gertatzen den egoera eramangaitza Baztango herritarrendako orokorrean». Hori dela eta, Telefonica enpresa premiatu du «sarearen berrikusketa osoa egin dezan lehenbailehen, eta erabiltzaileei konpentsazioa eskaini diezaien egoera honek eragiten dizkien kalteengatik».

Adibide gisa, «joan den astelehenean matxura bat erregistratu zen bertze behin, 10:30etik 17:17era, zerbitzu guziei eraginez». Azaldu dutenez, «dendetan txartel bidezko ordainketa terminalak ez ziren funtzionatzeko gai, banketxeek eta zentro ofizialek ezin zituzten haien Internet bidezko programak aktibatu, eta orokorrean plataformako erabiltzaile guziek pairatu zuten zerbitzuaren etenaldia. Sei ordu eta erdi baino gehiagoz, erabiltzaileek ezin izan zuten wifi konexiorik eduki, ez komunikatzeko sare sozialik, telebistako irudi edo soinurik ezta zenbait kasutan telefono mugikor zerbitzurik ere».

Taldeak bere «atsekabea» agertu du «etengabeko matxura eta etenaldien aitzinean» eta «onartezina» deritzo «konpainiaren aldetik dagoen konponbide eza eta ematen dituen aitzakiak, bai eta erabiltzaileekiko errespetu falta ere. Izan ere, matxura konpondu bitartean bidalitako mezuak zera zioen; “zure linea mugikor guztietan datu mugagabeak aktibatuko ditugu abiadura osoan nabigatzen jarraitu dezazun”, baina hori zeharo ezinezkoa zen zerbitzua erabat etenik zegoelako».

Hori dela eta, Gero Baik «azalpenak eman ditzan» eskatu dio Telefonicari, «eta etengabeko matxura hauei konponbidea emateko neurriak har ditzan, sarea egoera ezin okerragoan dagoela erakusten baitu honek». Gainera, «legez aurreikusten den moduan, konpentsazioak ematea» eskatu du, «zerbitzua eskasa izateaz gain, ez baitu agindutakoa betetzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun