Baztan Futbol Taldeak Aragoiko Atletico Calatayud izanen du arerio Erregearen Kopa jokatzeko lehian

Ttipi-Ttapa

Baztan Futbol Taldea, Superkopa irabazi zuenean Giltxaurdin. Orain, Espainiako Erregearen Kopa jokatu ahal izateko kanporaketa jokatuko du Aragoiko Atletico Calatayuden kontra.

Iraileko azken asteburuan jokatuko dute joaneko partida Calatayuden eta urriko lehen asteburuan izanen dute itzulerakoa Giltxaurdin

Asteburu honetan Nafarroako lehen maila autonomikoan ligako bigarren jardunaldia jokatuko du Baztan Futbol Talde nagusiak. Baina ligaz gain, bertze hitzordu garrantzitsu bat ere badu begi bistan: Duela bi urte bezala, Nafarroako Superkopa irabazi ondotik, Espainiako Erregearen Kopa jokatzeko eskubidea emanen lukeen kanporaketa gainditu beharko du eta dagoeneko ezagun du zein izanen duen kanporaketa horretan arerio: Aragoiko Atletico Calatayud. Iraileko azken asteburuan jokatuko dute joaneko partida Calatayuden eta urriko lehenbiziko asteburuan Giltxaurdin itzulerakoa.

Duela bi urte ez zuen suerterik izan Baztan Futbol Taldeak eta Erregearen Kopako atarian gelditu zen. Ea oraingoan, Espainiako ligako lehen mailako arerio baten kontra jokatzeko eskubidea irabazten duen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun