Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak bigarren aldiz antolatu du Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketa. Iaz Abadiñon egin zuten lehiaketa, eta «Euskal Herri osora eramateko helburuarekin», Elizondon izanen da aurtengo edizioa, irailaren 19an Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan.
Bigarren edizioak «iazkoaren esentzia eta identitate bera» izanen du, «ardi mozketa egun osoko egitarau oparo batekin uztartuz. 08:00etatik 20:00etara Elizondora hurbiltzen diren lagun eta familiek egun pasa bikainaz gozatzeko aukera izanen dute».
Nazioarteko 80 moztaile
Euskal Herriko selekzioarekin batera, Alemaniak, Eskoziak, Espainiak, Frantziak, Galesek, Ingalaterrak eta Irlandak neurtuko dituzte indarrak. 80 moztailek parte hartuko dute guztira, 60 makinaz (40 Open mailan eta 20 Senior mailan) eta 20 aizturrekin. Euskal Herriko hainbat lekutatik ekarritako 1.000 Latxa eta Rasa ardiri moztuko diete ilea eta «teknika, abiadura, zehaztasuna eta trebetasuna» baloratuko dute.
Lehenbiziko lehiaketak goizean izanen dira, 08:30etik 13:30era. Horietan Euskal Herriko Txapelketaren eta Nazioarteko Txapelketaren kanporaketak jokatuko dituzte, makinarekin eta aizturrekin. Arratsaldean, 15:00etatik aitzinera, finalerdiak eta finalak eginen dituzte. Jardunaldi akabailan ezagutuko dira Euskal Herriko txapelduna eta nazioarteko selekzio garailea, eta tartean, «sorpresa ttikiak ikusleen gozamenerako».
Lehiaketaz gain, artile erakustaldiak, bertako produktuen eta artisauen azoka «eta bertze hainbat ekitaldi sorpresa» izanen dira egun osoan. Horrez gain, lehiaketa zuzenean segitzeko aukera izanen da Youtuben (@moztaileak) eta moztaileak.eus webgunean.
Moztaileen lana ikusarazteko eguna
Adierazi dutenez, «Euskal Herriak artzaintzan eta abeltzaintzan sustrai sakonak ditu, eta ardi moztaileen lana ezinbertzekoa da artaldeen kudeaketan. Hala ere, sarritan ikusezina den jarduera bihurtu da». Txapelketaren bidez, «ondare hori omendu nahi dugu eta ikusgarritasuna eman nahi diogu, belaunaldi berriak erakartzeko asmotan. Ardi mozketa behar beharrezko lanbidea baita».
Aldi berean, «ardi mozketa lehiakorra indartu nahi dugu eta belaunaldi berriei jarduera honen ateak ireki, Europako bertze herrialde aunitzetan egiten ari diren bezala». Elkartearen helburua «Euskal Herriko Ardi Moztaileen proiektua txapelketa ibiltaria izatea da eta Euskal Herriko lurralde guztietan geldialdiak egiteko ahalegina eginen dugu. Abadiño izan zen abiapuntua eta Elizondo bigarren geltokia. Pixkanaka, urtez urte, Euskal Herri osora iritsi nahi dugu».
Azkenik, «txapelketak Baztango Udalaren, Reyno Gourmeten, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta Laboral Kutxaren babesa du». Horrez gain, Artzai Gazta, Ossau Iraty, Venostal, Juan Celaya Fundazioa, Gu ere bai eta Erromantzatzuko, Amaiurko, Zugarramurdiko, Doneztebeko, Atarrabiako eta Berako Udalen laguntza ere hartu du». Elkarteak eskerrak eman dizkie «jardunaldia posible egin duten babesle eta laguntzaile guziei, era bereziki artzainei: iraganeko, gaur egungo eta etorkizuneko artzainei, haien lanak egiten baitu posible ardi mozketaren tradizioak aitzinera segitzea».
