JON ETA GORKA JAURENA IRISARRI

«Trialak gibeletik egiazki duen lan guzia ikusi dugu aurten»

Ttipi-Ttapa

«Motorraren mundua aunitz maite duten Arizkungo bi gazte», halaxe aurkeztu dute haien burua Jon eta Gorka Jaurena Irisarrik. Aita zenaren urratsei segituz, Ordokiko 4x4 triala antolatzeko ardura bere gain hartu dute orain bi anaiek; irailaren 12an izanen da aurtengo edizioa, Arizkungo Ordoki industriagunearen inguruan.

Nondik heldu zaizue motorrekin duzuen zaletasuna?

Ttikitatik ibili gara moto eta kotxeekin saltseatzen, aitak kutsatu zigun hau dena, eta ttikitatik trial munduan ibili gara berarekin. Jende aunitz ezagutu eta esperientzia politak izan ditugu.

2010ean antolatu zen lehenbiziko aldiz Ordokiko triala. Aunitz aldatu da geroztik?

Gu haur batzuk ginen orduan, baina aldatzen joan da bai. Klasifikatzeko moduak aldatu dira, kotxeek aunitz eboluzionatu dute. Guk daramatzagun 16 urte hauetan maila handituz joan da.

Nola funtzionatzen du?

Lau kategoriatan banatzen dira partaideak, kotxeen prestaketaren arabera. Pilotu eta kopilotu bakoitzak dortsal bat du eta sei proba ditu egiteko. Proba bakoitzaren barnean ahalik eta penalizazio guttien lortzea da helburua.

Parte hartze handia izaten du?

Parte hartze handia egoten da eta badirudi jendeari gustatu egiten zaiola. Orokorrean, gure zailtasun handiena espazio falta izaten da eta orduan partaide kopurua mugatzera derrigortuta gaude, denek disfrutatu ahal izateko eta arriskutsuak murrizteko. Partaide gehienak hemen ingurutik etortzen dira, Bortziriak, Malerreka eta Baztan aldetik, baina batzuk urrunagotik ere badatoz: Bizkaia, Galizia…

Antolaketa guzia zuen gain dago orain. Lan handia da?

Bai, nahiz eta aurten lehenengo aldiz gu garen antolatzaileak, beti egon gara antolakuntzan laguntzen. Baina orain, batez ere, paper kontu guziak dakarren lanaz konturatu gara. Egunean bertan lan aunitz dago, baina oraindik gehiago lehenagoko egunetan: ingurua moldatu, eremuak prestatu, paperak egin, aseguruak, anbulantziak…

Jendearen laguntza ere izanen duzue, ez?

Jendea urtero egoten da laguntzeko prest: batzuk ingurua prestatzen laguntzen dute, bertze batzuk egunean bertan egin beharreko eginbeharretan. Eskertzekoa da jendeak laguntzen duen guzia eta arras kontent gaude horrekin.

4x4erako afizio handia ikusten duzue inguruan?

Bai, afizio dezente dago Euskal Herrian. Egia da ez duela rallyak eta horrelakoek bezalako famarik, baina gazte dezente izaten dira bai parte hartzen eta baita ikusten ere.

Zer espero duzue aurtengo trialetik?

Dena ongi ateratzea eta gastuak errekuperatzea gehienbat, gastu dezente baitago dena aitzinerat ateratzeko. Jendea gustura ibiltzea eta trial polit bat ateratzea espero dugu.

Zerbait gehitu nahi duzue?

Irailaren 12an Arizkunen antolatuko dugun trialera etortzea eta arratsaldeaz disfrutatzea, ostatua ere izanen da, animatu!

Ordokiko XII. 4x4 triala

Irailaren 12an, larunbata, Ordoki ondoko arboladian izanen da triala. 15:00etan hasiko da proba eta lau kategoriatan lehiatuko dira, 20:00ak arte. Ondotik sari banaketa eginen dute eta akitzeko afaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun