Baztango Udalak ikastaro ugari antolatu ditu udazken honetarako

Ttipi-Ttapa

Gaita, atabala, plastika, idazketa… hainbat tailer eginen dituzte Arizkunenean eta irailaren 15era arte eman daiteke izena

Baztango Kultura Zerbitzuak ikastaroak antolatu ditu aurtengo udazkenean ere, larunbatetan Arizkunenean:

Lehenbiziko ikastaroa idazketa tailerra izanen da, Itxaro Borda idazlearen eskutik. Irailaren 19an eta urriaren 3an, 10ean, 17an eta 24an bilduko dira, 11:00etatik 13:00etara. Guttienez 6 lagun eta gehienez 15 izanen ditu taldeak eta Baztanen erroldatuek 30 euro ordaindu beharko dituzte, erroldatu gabeek 40.

Horrez gain, irailaren 19an Legoen robotika tailerra eginen dute Discover Bricks-en eskutik, 5 eta 12 urte bitarteko haurrendako. Bi taldetan bilduko dira, lehenbizikoa 10:00etatik 11:30era eta bigarrena 12:00etatik 13:30era. Guttienez 8 lagun eta gehienez 12 izanen dituzte taldeek.

Urriaren 9tik aitzinera gaita ikastaroa emanen du Mikel Ortegak ortziraletan, 17:00etatik 18:00etara eta 20 orduko iraupenarekin. 5-10 laguneko taldea izanen da, joan den ikasturtean hasi zirenei zuzendua, eta Elizondoko Herriko etxean bilduko dira. Arituendako, berriz, atabal eta gaita ikastaroak izanen dira azaroaren 14tik aitzinera, larunbatetan 09:00etatik 10:00etara Arizkunenean. Hauek ere 5-10 laguneko taldeak izanen dira eta 20 orduko iraupena izanen dute. Atabal klaseak Shanti Diazek gidatuko ditu, eta gaita klaseak Tomas Diazen eskutik izanen dira. Ikastaro guzietan 60 euro ordaindu beharko dute erroldatuek, eta 80 euro erroldatu gabeek.

Azkenik, 5 eta 11 urte bitarteko haur eta familiendako plastika lantegia eginen dute azaroko larunbatetan, hilaren 7an, 14an, 21ean eta 28an. La Chincheta Bruna kolektiboak (Sonia Izarbe eta Eneko Perez) gidatuko du saioa eta arratsaldetan bilduko dira, 17:00etatik 18:30era. Guttienez 8 lagun eta gehienez 18 izanen ditu ikastaroak eta izena ematen dutenen arabera izanen da prezioa: erroldatutako bi partaidek 30 euro ordaindu beharko dute, eta hiru partaidek 40 euro. Erroldatu gabeendako bi partaidek 40 euro eta hiruk 60 ordaindu beharko dituzte.

Ikastaroetan izena emateko epea gaur ireki da, eta hilaren 15era arte luzatuko da. Arizkunenean eman daiteke izena, astelehenetik ortziralera 07:30etik 15:00etara, 667 807 810 telefonoan edota kultura@baztan.eus helbidean. Ordainketa bakarrean ordaindu beharko da eta 72 orduko epean ordainagiria aurkeztu beharko da. Robotika tailerrean izen ematea info@discoverbricks.es helbidean edo hurrengo zenbakietan egin daiteke: 636 479 965 eta 636 450 745.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun