AEBtik Euskal Herrirat
Kalifornian sortu zen, familia euskaldun batean: «aita Erratzukoa da, eta amaren gurasoak Ezterenzubi eta Bankakoak ziren». 14 urte zituelarik etorri zen Erratzurat bizitzera, gurasoekin eta anaiarekin batera. Kontatu duenez, «euskaraz jakiteak izugarrizko diferentzia markatu zuen loturak egiteko eta hemengo bizitza berrira moldatzerako orduan». Momentu horretan, ordea, arazoa bertzea zen: «ez nekien gaztelaniaz. Institutuan ikasi behar izan nuen eta urte gogorrak izan ziren. Hala ere, akitu nuen eta lortu nuen unibertsitatera joatea».
Ikasketen ondotik unibertsitatean hasi zen lanean, nazioarteko harremanen departamentuan. «Han ikasleen truke programak kudeatzen nituen, Erasmus eta antzekoak. Ikasleekin bertze unibertsitatetara bidaiak ere egiten nituen, AEBra, Kanadara eta Singapurrera, adibidez». Lan horretan «aunitz» ikasi zuen, eta argi du ez zuela horretarako aukera eduki izanen «ez banituen ezagutzen ingelesa eta bertze kulturak».
Bizitzako urte gehienak Euskal Herrian pasatu baditu ere, «beti izanen dut lotura Kaliforniarekin. Hango haurtzaroko oroitzapen arras politak ditut eta hori nire nortasunaren parte garrantzitsu bat da. Familia badut han eta ttikitako lagun on batzuk ere, oraindik harremana mantentzen dugu eta bisitan etortzen zaizkit tarteka. Erranen nuke bizitzan izan ditudan aukerengatik eta inguruan dudan jendearengatik zorte onekoa eta eskertua naizela».
Amaren urratsen gibeletik
Gaur egun ingeleseko irakaslea da Josephine's English akademian: «maila guzietako ikasleak laguntzen ditut ingelesean duten oinarria lantzen eta hizkuntzarekin duten konfiantza sendotzen». Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin egiten dute lan, eta helduen taldeak ere dituzte.
Azaldu duenez, Josephine, bere ama, «27 urterekin hasi zen high school edo institutu batean irakasle lanetan. Gero, honat bizitzera etorri ginelarik, Lekarozko institutuan bi urtez aritu zen laguntzaile bezala lanean». 2013an, berriz, akademia ireki zuen; «ni 2017an Iruñetik itzuli nintzen eta amarekin lanean hasi nintzen. Hurrengo urtean ama jubilatu egin zen, eta nik lekukoa hartu nion akademiarekin segitzeko». Hala ere, «Josephine oraindik ere batzuetan gustura etortzen da, eta berak eskaintzen dituen ikuspegi eta esperientziagatik, beti klase aberasgarriak izaten dira».
Hizkuntzaren transmisioa
Ingelesa ama hizkuntzetako bat izatea «lagungarria» da klaseak ematerako orduan, izan ere, «hizkuntza ez da bakarrik gramatika, entzumena, irakurmena… aunitzez gehiago da: kultura, gauzak egiteko modua, umore tonua… dena aldatzen da. Eta natiboa naizenez, hau da gure klaseetara ekartzen dudana. Baina aldi berean hemengoa ere banaiz, eta uste dut horrek laguntzen didala nire ikasleen beharrak ezagutzen. Beti erraten dugu: hizkuntzak giltzak bezalakoak dira, geroz eta giltz gehiago eduki, orduan eta ate gehiago irekitzeko aukerak izanen dituzu, eta horrekin batera, zure mundua ulertzeko ikuspegi desberdinak».
Azaldu duenez, «denok ditugu ikasteko modu ezberdinak: eskemak egitea, kontzepruak irudi batekin lotzea, aditzea… eta ongi erakusteko, behar guzietara moldatu behar da, ikasle guziek ikasgai hori ongi barneratu ahal izateko. Gainera, hizkuntza bat erabiltzeko, garrantzitsuena da komunikatzeko gaitasun ona izatea. Gaitasun hori izanda, bertze hizkuntzetan ere aplikatu daiteke eta arras lagungarria da».
Hala ere, «ez nuke erranen klaseetan metodo zehatz bat erabiltzen dugunik, baizik eta hizkuntza eta komunikatzeko tresnak lantzeko eta praktikatzeko aukerak ematen ditugula. Ikasleak kontent gelditzea espero dut, hori da nire helbururik handiena».
Irailaren 7an abiatuko ditu klaseak eta «ikasleen ingeles maila igotzea eta solastatzeko konfiantza ematea» dira bere asmoak ikasturte berrirako. «Plaza gutti gelditzen dira, hala ere, norbait interesatua badago, nirekin harremanetan jartzen ahal da eta plazer handiz erantzunen diot».