Baztango Ezker Abertzaleak salatu du 600 euroko isuna hartu dutela Palestinaren aldeko protestagatik

Ttipi-Ttapa

«Mobilizazioa behar bezala jakinarazi ez izana leporatuta», Mozal Legea ezarri diote mugimenduko kide bati

Apirilaren 30ean Israelgo armadak Global Sumud Flotillako kideak bahitu zituen nazioarteko uretan, tartean Luka Remiro beratarra. Horren berri izan bezain fite, gertakaria salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten Elizondon. Horren ondorioz, Baztango Ezker Abertzaleko kide bati «601 euroko isuna ailegatu zaiola» salatu du taldeak, «mobilizazioa behar bezala jakinarazi ez izana leporatuta».

Adierazi dutenez, «helburua argia da: Mozal Legea eta burokrazia aitzakiatzat hartuta, herri erantzuna zigortu eta elkartasuna kriminalizatu nahi dute. Urteak daramatzagu Herri Mugimenduan lege honen ondorio errepresiboak jasaten, eta lege hau bertan behera uzteko beharra azpimarratzen».

Hori dela eta, taldeak argi utzi nahi izan du hurrengoa:

  • «Adierazpen eta mobilizazio askatasuna oinarrizko eskubide bat da. Karrikara ateratzea, bidegabekerien aurrean ahotsa altxatzea eta Flotillako kideei zein Palestinako herriari elkartasuna adieraztea ez da delitua».
  • «Oinarrizko eskubide hauen defentsan, bertze behin Mozal Legeari gure gaitzespen osoa erakutsi nahi diogu.  Administrazioaren zigor mekanismo hauek Herri Mugimendua kriminalizatzeko eta isunez isilarazteko helburua bertzerik ez dute».
  • «Indar polizialen zigor eta mehatxuen aitzinean, karrikara ateratzen segituko dugu behar den aldi guzietan, palestinar herriari gure babesa adieraztera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun