Ikasturtea ongi hasteko ekitaldi kultural ugari izanen dira irailean Baztanen

Ttipi-Ttapa

Kalakan taldeak eta Berçaits anaiek kontzertua emanen dute 20an Amaiurko elizan.

Ikastaroak, erakusketak, solasaldiak, musika eta dantza ikuskizunak, antzerkiak… udalak hilabeteko jarduera guziak bildu ditu kultur agendan

Pedro Arizkurenen pintura erakusketa ikusgai dago Arizkunenean irailaren 30era arte, asteartetik igandera 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era.

Baztango artisau eta nekazariek azokak eginen dituzte Elizondoko plazan larunbatetan, hilaren 5ean, 12an eta 19an, 10:00etatik 14:00etara.

Urdazubi eta Baztango Donejakue Bidearen Lagunek Donejakue bideari buruzko solasaldi zikloa antolatu dute Arizkunenean. Lau saio izanen dira: irailaren 14an Julia Pavonekin, 15ean Patxi Benaventekin, 16an Javier Berueterekin eta 18an Ruben Garciarekin. Egunero 19:00etan izanen dira solasaldiak, gaztelaniaz.

Plazara Dantzara taldeak Baztango dantzen egungo testuinguru sozialari buruzko mahai ingurua antolatu du irailaren 17an, 19:00etan Iruritako Gizarte Bilgunean. Nahia Baylon, Kristobal Zelaieta, Kattalin Ezkerra eta Txomin Petrikorena izanen dira hizlariak eta Isabel Jaurenak gidatuko du saioa.

Kalakan taldeak eta Berçaits anaiek Ahotsez kontzertua taularatuko dute hilaren 18an, 20:00etan Amaiurko elizan. Sarrerak eskuragarri Elizondoko Intzan, Amaiurko Jauregi borda hotelean eta kalakan.eus webgunean.

Kultura Zerbitzuak idazketa tailerra antolatu du Itxaro Bordaren eskutik, irailaren 19an eta urriaren 3an, 10ean, 17an eta 24an, 11:00etatik 13:00etara. Matrikula: 30 euro erroldatuak, 40 erroldatu gabeak. Idazketa tailerraz gain, udazkenerako bertze hainbat ikastaro antolatu dituzte: gaita, atabala eta plastika. Izen emateak irailaren 7tik 15era izanen dira eta informazio gehiago Arizkunenean izanen da.

Robotika tailerra ere eginen dute legoen bitartez irailaren 19an Arizkunenean. Bi taldetan eginen dute, lehenbizikoa 10:00etatik 11:30era eta bigarrena 12:00etatik 13:30era. Matrikula: info@discoverbricks.es, 636 479 965 eta 636 450 745.

Baztan Kantuz ekimena herriz herri hasiko da berriz eta irailean Oronoz-Mugairiren txanda izanen da, hilaren 20an 12:00etan.

Irailaren 20an ere Parkour Navarra kolektiboak eta Riart konpainiak parkour dantza ikuskizuna eta tailerra aurkeztuko dute, Elizondoko plazan 19:00etan. Euria eginez gero, Braulio Iriarte pilotalekura mugituko dute jarduera.

Irailaren 23an menopausiari buruzko Beroa dago… eta gu gara! antzerkia aurkeztuko du Zirika Zirkus konpainiak, 19:00etan Arizkunenean.

Amartean amen taldea antolatzeko bi bilkura eginen dituzte Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuek irailaren 24an, lehenbizikoa 10:30ean eta bigarrena 17:00etan, Arizkunenean. Izena eman beharko da 613 00 36 34 edota 689 03 50 78 telefonoan.

Hilaren 27an, igandea, Kolapsoa antzerkia taularatuko dute Jon Ander Urrestik eta Matxalen de Pedrok, 19:00etan Gizarte Bilgunean. Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programako ikuskizuna da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun