Kontzertuak eginen dituzte irailaren 12an Zapatilleran

Ttipi-Ttapa

Baztango Musikazaleen Elkarteak Urtaro bat, kontzertu bat ekimena abiatu du bertze urte batez eta udazkeneko kontzertua irailaren 12an izanen da, 18:00etan Elbeteko Zapatilleran. Makusai (Izurdiaga/Zugarramurdi) eta Mihise (Usurbil) pop rock taldeak izanen dira oholtzaren gainean.

Kontzertu hori ez da udazkeneko hitzordu bakarra izanen. Azaroaren 7an Bidenabar talde baztandarrak bere lehenbiziko diskoa aurkeztuko du, 18:00etan Zapatilleran. Pop eta folk soinuak bildu ditu Ane, Kattalin eta Malenek osatutako taldeak.

Bertzetik, azaroaren 14an, larunbata, Zapatillerako hiru taldek kontzertuak emanen dituzte Iruritako Gizarte Bilgunean. Tabuka metal taldea (Urdazubi/Baztan), Purpurine rock pop taldea (Baztan) eta Lauso rock pop taldea (Erratzu/Bera) izanen dira oholtzaren gainean.

Azkenik, aurtengo Zapatillera Lagun kanpaina ere aurkeztu dute. Nahi duenak Zapatillera proiektua laguntzen ahalko du Zapatillera Lagun txartela eskuratuz 30 euroren truke. Txartelarekin batera poltsa bat emanen dute eta antolatzen dituzten kontzertuetarako sarrera debalde izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun