Baztango Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun Zerbitzuak Amartean amen taldearen edizio berria paratuko dute martxan. «Esperientziak partekatu, babes sareak sortu eta beren behar eta interesetara egokitutako taldea modu kolektiboan eraiki nahi duten amendako topagunea» izanen da, PAREAN elkartearen laguntza profesionalarekin.
Joan den urtean sortu zuten taldea lehenbizikoz eta aurtengo ikasturteari ekiteko, «amen parte hartze aktiboa» bilatzen dute. Hori dela eta, taldea abiatu aitzinetik bi saio ireki eginen dituzte irailaren 24an Arizkunenean. Lehenbiziko saioa 10:30ean izanen da eta bigarrena 17:00etan, bakoitzak hobe egokitzen zaion ordua aukeratzeko.
Bertan parte hartzaileen behar, interes eta proposamenak ezagutu nahi dituzte, «taldean parte hartuko duten amen errealitateari eta kezkei erantzuteko. Elkarrekin erabakiko dituzte taldearen funtzionamendua, saioen maiztasuna, ordutegiak, datak, landu nahi dituzten gaiak eta lan egiteko modua».
Jarduera «elkarri babesa emateko, esperientziak partekatzeko eta hausnarketarako topagune batean parte hartu nahi duten ama guztiei zuzendua» egonen da. Debalde izanen da eta lehenagotik izena emateko eskatu dute, hurrengo telefono edo helbideetan: Gizarte Zerbitzua 689 035 078 / gizartehezitzailea2@baztan.eus eta Berdintasun Zerbitzua 613 003 634 / berdintasuna@baztan.eus.
Udalak ama guziak gonbidatu ditu bilkuran parte hartzera edo proiektuaren inguruko informazioa eskatzera.