Elizondoko Apeztegia anaiek Antiguako pilota txapelketa entzutetsua irabazi dute

Ttipi-Ttapa 2026ko irailaren 1a

Oihan Etxeberria, Unax Apeztegia, Ugaitz Apeztegia, Unax Ramirez, Enara Gaminde eta Miriam Arraiza, Antiguako txapelketako 78. edizioko txapeldunak.

Antiguako pilota txapelketa entzutetsuko 78. edizioaren finalak jokatu zituzten larunbatean eta aipatzekoa da Oberena taldean ari diren Elizondoko Unax eta Ugaitz Apeztegia anaiek txapela jantzi zutela.

Unax anaia zaharrenak elite mailako finala irabazi du, Oihan Etxeberria oiartzuarrarekin batera eta Ugaitz anaia gazteenak promesa mailakoa, Unax Ramirezekin

Unax Apeztegia anaia zaharrenak elite mailako txapela jantzi zuen aita lesakarra duen Oiarpeko Oihan Etxeberria aurrelari oiartzuarrarekin batera. Finalean erraz menperatu zituzten Mundarroko Eñaut Lizeaga eta Oberenako Asier Balerdi (22-10).

Oihan Etxeberria oiartzuarra (aita lesakarra du) eta Unax Apeztegia elizondoarra, elite mailan txapeldun.

 

Promesa mailan, berriz, lan gehiago egin behar izan zuen Ugaitz Apeztegia anaia gazteenak. Kureneko Unax Ramirez aurrelari zuela, finalean 22-18 irabazi zien Eibarko Ibon Ibarrari eta Titin III.a elkarteko Alvaro Cansecori. Etorkizun handiena ikusten zaion pilotariari emandako saria, Antonio Maizen oroimenez, Unax Ramirezek eskuratu zuen.

Ugaitz Apeztegia elizondoarra eta Unax Ramirez, promesa mailako txapeldun.

Emakume seniorren finalean, azkenik, Izurungo Miriam Arraizak eta Lea Ibarrako Enara Gamindek 22-15 irabazi zieten Uharteko Laia Salsamendiri eta Ados Pilotako Naroa Agirreri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun