Bestak 2026

[ARGAZKIAK] Ezin hobeki joan dira Txokotoko bestak

Ttipi-Ttapa 2026ko irailaren 1a

Joan den ortziralean abiatu zituzten Txokotoko bestak eta Gabriela Goñi Olaetxea 95 urteko auzotarrak bota zuen txupinazoa, bere familiarekin batera. Oharrizen sortu bazen ere, Elizondoko auzoan bizi da duela 63 urte eta Mariano Izeta euskaltzainaren alarguna da Goñi.

Argazkiak: Ondikol

Txupinazoaren ondotik musika hasi zen, eta ez zen asteburu guzian gelditu: gaiteroak, txaranga, konpartsa, mutil dantzak, kontzertuak… 

Larunbatean zikiro jatea izan zen ekitaldi nagusia, eta 250 lagun bildu ziren bazkaltzera eguraldi ederraz lagunduak. Bazkalondotik bingo musikatua egin zuten, eta Naroa Ballarena suertatu zen garaile. Arratsaldean txaranga, poteoa elkartez elkarte eta dantzaldia izan zuten, eta gaua DJek girotu zuten.

Bestak borobiltzeko, igande goizean konpartsaren itzulia eta paella lehiaketa izan zen, baita ondotik dastatzeko aukera ere. Jotak ere izan ziren La Ribera Cantaren eskutik eta akitzeko, arratsaldean ttikienek ponian paseatu ahal izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun