Sinopsia
Herri bat hezitzailea dena. Hezkuntza bera zaintza gisa hartzen duena, eta zaintzari adiera hezitzailea aitortzen diona. Hezkuntza komunitatean ari diren eragile guztiak parte hartzera, gorputza jartzera, gonbidatzen dituena. Haurrak ez ezik, helduak ere heziko dituena. Euskaraz eta euskaratik eginen duena. Natura eta hark eman diezagukeen ezagutza aintzat hartuko dituena. Teknologiaren ezarpenari galga jarriko diona. Hezkuntza bat, funtsean, askeago jendarteratzeko balioko duena, eta, aldi berean, askapen kolektiboari ekarpena eginen diona. Jendarte bat, esan gabe doa, feminista, euskalduna, antikapitalista, ekologista izanen dena, finean, demokratikoa.
Halakoxea da Hezitopia, Nora Salbotx Alegriaren lan berriak biltzen duen alegiazko herria. Hezkuntzaren alorrean ibilbide luzekoa da egilea eta, hain justu, hezkuntzaren egungo ildo, hutsune eta akatsei ametsekin erantzuten die saiakera honetan. Horixe delako, finean, Hezitopia: hezkuntzarako (eta jendarterako) utopien proposamen bat.