Erdiz Bizirik plataformak Magnari Kaka zozketa antolatu du bertze behin, abuztuaren 29an Elizondoko Merkatuko zelaian. Boletoak salgai dituzte aspalditik eta egunean bertan ere erosteko aukera izanen da.
Joan den urtean bezala, hiru zenbaki izanen dira irabazleak, eta saridunak hautatzeko modu berezia izanen dute: zelai handi bat karratutan zatitu eta espazio horietako bakoitza 2,5 euroren truke alokatu ahalko da. Azienda ibiliko da zelai horretan barna, eta erreserbatutako karratutxo horietan aziendak kaka egitean, zelai zati horren zenbakia duenari sari bat emanen zaio.
Hiru sariak Baztango komertzioetan gastatzeko dirua izanen dira eta bakoitza azienda batek aukeratuko du: lehenbiziko saria 500 eurokoa (behiaren kakak erabakiko du), bigarrena 200 eurokoa (zaldiak) eta hirugarrena 100 eurokoa (ardiak).