Baztango Liburutegi Publikoak ateak irekiko ditu abuztuaren 25ean, bederatzi hilabete baino gehiagoz hetsita egon ondotik. Baztango Udalak erran duenez, «hasiera batean, Nafarroako Liburutegien Zerbitzuak jakinarazi zuen liburutegia abuztuaren 24an irekiko zela, liburuzain berriak bi eguneko formazioa jaso ondotik. Hala ere, orain adierazi du egun bat gibelatuko dela, formazioa egun bat luzatu delako». Beraz, irekiera asteartean izanen da.
Abuztuaren 25etik irailaren 14ra bitartean goizeko ordutegia izanen du: 08:30etik 14:30era. Irailaren 15etik aitzinera, berriz, ohiko arratsaldeko ordutegira pasatuko da.
Udalak adierazi duenez, «herritarrek hilabete luzez ezin izan dute liburutegi publikoa erabili eta ondorioak arintze aldera Baztango Udalak Arizkunenean gela bat eskuragarri jarri zuen, bertan ikasi edota lanak egin ahal izateko. Hemendik aitzinera, erabiltzaileek berriz ere mailegu zerbitzua, kontsulta gunea eta gainerako baliabideak eskura izanen dituzte liburutegian, hori dela eta, Arizkuneneko behin behineko ikasgela kultur etxeko ohiko erabilerara bideratuko da berriz. Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei erakutsitako pazientziagatik eta ulermenagatik, eta liburutegia berriz erabiltzeko gonbita egiten die».