Baztango Geroa Bai Baztan udal taldeak zenbait komunikabidetara igorritako komunikatu baten bidez salatu du «Baztango EH Bilduk azpiegitura kulturalekiko duen paralisia eta errespetu falta». Geroa Baik adierazi duenez, uztailaren 23an instantzia bat erregistratu zuen «Elizondoko bestak hasi baino lehen kristalak urgentziaz garbitzeko eta Herri Liburutegian kartelak kentzeko eskatuz, eta udal gobernu taldeak ez zuen eskaera aintzat hartu». Joan den astelehenean kendu zituzten kartel horiek.
Geroa Baik gaineratu dutenez, «Liburutegi Publikoa zerbitzurik gabe dago iazko azaroaren 11tik, eta fatxada bigarren aldiz hondatuta eta kartelez inguratuta dago. Haranerako erreferentzia, topaketa eta sustapen kulturalerako espazio gisa sortua, jendearentzat itxita dago, eta herritarrentzat zerbitzurik ez izateaz gain, instalazioa hondartu egin da; izan ere, beirateak kartelez estali dira, eta Udalak ez du neurririk hartu garbi eta zainduta mantentzeko».
EH Bilduren erantzuna
EH Bilduk Geroa Baiko udal taldeak «edo Lander Santamaría zinegotziak, praktikan gauza bera denak» idatzitako komunikatu horri erantzun nahi izan du, zenbait kontu argituz. Lehenik eta behin, Geroa Baiko zinegotziak aurkeztutako eskabidea uztailaren 23ko 21:51n erregistratu zen, «bestak hasi baino ordu gutxi batzuk lehenago. Ordu horretan ez zegoen udal langilerik eskaera dagokion zerbitzuei helarazteko. Udaletxea uztailaren 24tik 28ra itxita egon zen, Santiago bestak zirela eta, zinegotziak berak bazekien bezala. Eskabidea uztailaren 29an helarazi zen, eta egun horretan bertan jakinarazi zitzaion garbiketaz arduratzen den enpresari».
Bestak akitu ondotik, hain zuzen ere, garbiketa zerbitzuek lan-karga handieneko egunak izaten dituzte, normaltasuna berreskuratu eta bestek eragiten dituzten behar ugariei erantzun behar baitiete. EH Bilduren erranetan, «kartelak kentzea hiru lanegunez atzeratu zen. Hiru egun. Bide batez, aipatu, zinegotziak bere salaketa argitaratu zuenean, dagoeneko kartelak kenduta zeuden. Gogorarazi beharra dago, halaber, Lander Santamariak eskaera bera helarazi zuela, uztailaren 23ko 21:55ean Baztango alkateordearen telefono pertsonalera bidalitako mezu baten bidez. Telefono pertsonalera. Hori guztia, ulertzen dugunez, udal ardurak dituzten pertsonen atsedenarekiko eta kontziliazioarekiko errespetu osoz».
EH Bilduk dioenez, «Lander Santamariak bazekien Udaletxea itxita egonen zela Santiago bestetan. Eta hala ez bazekien, zaila da ulertzea nola leporatu ahal izan zien ondoren axolagabekeria eta errespetu falta beren udal ardurak betetzen ari ziren pertsonei. Are gehiago, berak ere, zinegotzi gisa, Udalaren lan-egutegia onartu zenean alde bozkatu zuelarik. Agian udal-lanarekiko errespetua ere bada Udalak nola funtzionatzen duen jakitea, une bakoitzean eskuragarri dauden zerbitzuak zein diren ezagutzea eta Udaleko langileen lana baldintzatzen duten egoerak kontuan hartzea. Eta errespetuaz ari gara, ez delako kontu puntual bat».
EH Bilduren idatziak hala dio: «Udaleko Osoko Bilkuretan, batzorde orokorretan, Ogasuneko edo Hirigintzako batzordeetan, ohikoa da Geroa Baiko zinegotzia telefono mugikorrari begira egotea, Interneten nabigatzen, Realaren partidak jarraitzen edo, Pachecok Europa Leaguean sartutako golak ozen ospatzen—bide batez, pozten gara—, udaleko teknikariek eta ematen dituzten azalpenei adi egon ordez. Bakoitzak nahi duenari eskaini diezaioke arreta, noski».
Baina, ondoren, «zaila da bertzeei axolagabekeria leporatzea, baldin eta hurrengo aste eta hilabeteetan zinegotzi berak behin eta berriz galdetzen badu saio horietan dagoeneko azaldu diren gaiei buruz. Behin eta berriz. Axolagabekeria eta errespetu falta? Badirudi Lander Santamaría dagoeneko hauteskunde-kanpainaren logikan dagoela, maiatzeko udal hauteskundeetan pentsatzen, eta bere estrategia EH Bilduri erasotzean oinarritzen dela. Zilegi da. Bakoitzak erabakitzen du politika egiteko modua. Ezaguna dugu Geroa Baiko zinegotziak EH Bildurekiko duen ezinikusia. Ulertu dezakegu alternatiba propio bat planteatzeko zailtasunak dituenaren frustrazio eta ezintasunetik, bere ahaleginak bertzeen lana zalantzan jartzera eta gutxiestera bideratzea erabakitzen duenaren jarreratik».
EH Bilduk dio ez dela joko horretan sartuko eta «argi dugu: lanean jarraituko dugu, zubiak eraikitzen eta Baztanendako proiektuak garatzen».