Martxan da Zesta-puntako VII. Nazioarteko Campusa Baztanen

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 6a

Berriozar Jai Alaik antolatutako Nazioarteko Zesta-punta Campusaren zezpigarren edizioko parte-hartzaileak Baztango alkatearekin, Balleko Etxeko balkoian.

Baztango Udalak harrera egin zien abuztuaren 5ean, asteazken goizean, Baztanen burutzen ari den zesta punta kanpuseko parte hartzaileei. Euskal Herriko hainbat txokoetatik etorritako 42 pilotari, haur eta gazte, ari dira parte hartzen aurtengo ekimenean. Baztango Balleko Etxera hurbildu ziren asteazken goizean eta alkate eta zinegotziek harrera egin diete.

42 neska-mutiko ari dira Elizondon entrenatzen eta Lekarozen lo egiten

Berriozar Jai Alaik Nazioarteko Zesta-punta Campusa antolatu du aurten zazpigarren aldiz, Lekarozko aterpetxean.

Entrenamenduak Elizondon, Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan egiten dituzte. Baztango Udalak pilotalekua erabiltzea uzten diela eta, Balleko Etxera hurbildu ziren pilotariak eskerrak ematera. Mariano Iribarren eta Gorka Urtasun zinegotziek eta Fernando Anbustegi Baztango alkateak egin zieten harrera, eta bertan, Angel Gamarrak eskerrak eman zizkion udalari. Gainera, hainbat pilotari-bertsolarik eskertza bertso ederrak ere kantatu zituzten eta campusaren kamiseta bat oparitu zioten alkateari. Anbustegik, bere aldetik, Udalaren esker ona adierazi zien antolatzaileei eta pilotariei euskal kulturaren eta kirolaren alde, eta bereziki zesta puntaren alde, erakusten duten konpromisoagatik. Ekitaldia akitzeko argazkia egin zuten denek Balleko Etxeko balkoian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun