Bestak 2026

[ARGAZKIAK] Asteburu bikainaren ondotik azken txanpan sartuak dira Elizondoko bestak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 27a

Ortzirale eguerdian Olaia Ballarena Rodriguezek, 10 urteko neskak piztutako suziriarekin abiatu ziren Elizondoko bestak. Berak eta lagun izan zituen neska-mutikoek Gorka Goñi Mendiburu izan zuten gogoan, beraien kamixetekin. Lehen suziri horren eztandak bide eman zien ospakizunei eta musikari: Tuku-Txuku txaranga, Elizondoko eta Baztango Gaitariak, Baztango Xulubitariak, erraldoiak eta buruhandiak… Baztanzopak ere banatu zituzten. Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Arratsaldean haur jokoak, elektropoteoa Sasix&Puyx taldearekin, karrikadantza eta Elizondoko abesbatzaren emanaldia izan zuten elizan, Imanol Elizasu organo jotzailearen eta Recreo musika bandaren laguntzarekin

Santiago Eguna

Egun handia ikaratuak hasi zuten Elizondon, Elbeteko Oñaska inguruan sutea baitzuten. Halere, agudo itzaltzea lortu zuten eta bestek normaltasunez segitu zuten, arratsaldeko ekaitzara bitarte. Beñat Verde Mugiro alkateak eta kargodunak abesbatzak kantatutako mezara joan ziren. Eliz atarian erraldoiek dantza egin uten. 30 bat lagunek parte hartu zuten plazako Mutildantzan. Arratsaldean, herri kirolak, pilota, musika eta bertze haunbat ekitaldi izan ziren.

 

Lehen Triatloia eta gazteen bazkaria igandean

Igandeari dagokionez, bestetako triatloiaren lehen edizioa egin zen, ehun bat kirolariren parte hartzearekin. Adin nagusikoek 300 metro igerian igerilekuan, bizikletaz zortzi kilometro eta lasterka bi kilometro egin behar zituzten. Iriarte frontoiko gazteen bazkarian, berriz, 450 lagunek parte hartu zuten. Bazkalondoan karrikaz karrika ibili ziren, Elektro Txufla Kaleko Bandarekin. Musika lasaixeagoa nahi zutenek Bankako Mendiatrrak izan zituzten Foruen Plazan eta dantza herrikoiak Ziga Plazan.

 

Hondarreko egunak

Gaur Aitatxi-Amatxien Eguna izanen dute Elizondon eta asteartean, hondarreko eguna.

 

Uztailak 27, astelehena

09:30ean diana. 11:00etan itzulia konpartsarekin: lanbide eskola, Akullegi, Santiago karrika, Datuzelai, Santiago, Saskaitz plaza, Santiago, Berekoetxea Gotzaia, Paularena, plaza, Pedro Axular, Giltxaurdi, Galartza eta zahar etxea.

11:00etatik 14:00etara uretako puzgarriak Giltxaurdin. 12:00etan Recreo bandaren emanaldia elizako belardian. Aldi berean Elizondoko XIV. Mus Txapelketaren lehenbiziko kanporaketak Xalbador karrikan. 16:00etan mus txapelketaren azken kanporaketak toki berean. 16:30etik 19:30era aurpegi margoketa Ahaztuen plazan, 17:00etan ginkana plazan eta ondotik txokolate hartzea. 17:00etan Elutxa txaranga herrian barna, aldi berean Estampa Navarra jotak zahar etxean. 17:30ean Elizondoko IV. Boneta Jaurtiketa Txapelketa Giltxaurdi karrikan. 19:00etan bertso saioa plazan Maddi Ane Txoperena, June Aiestaran, Haira Aizpurua eta Aitor Servierrekin, gai jartzaile Baztango Bertso Eskola eta aurkezlea Ane Fagoaga Izquierdo. 20:30ean dantza herrikoiak Ziga plazan, ondotik mutil dantzak plazan. 22:30ean kontzertuak plazan: Joana eta Olaia eta ondotik Txiltxoko.

Uztailak 28, asteartea

09:30ean diana. 11:00etan itzulia konpartsarekin: herriko etxea, Jaime Urrutia, Opoka, Erlategi, Baztanberri, Maurizio eta Felix plaza, Abartan, Xalbador karrika, Giltxaurdi, zahar etxea. 12:30ean Elutxa txaranga herrian barna. 14:00etan zikiro jatea Iriarte pilotalekuan (txartelak uztailaren 16an 19:30ean Herriko etxean), ondotik poteoa Elutxa txarangarekin: frontoia, Txokoto, Gloria, Saioa, Labaien, Sobrino, Mendi, plaza. 17:30ean Ameli ipuin kontalaria Merkatuko plazan. 18:00etan Beñat Mitxelena akordeoilaria plazan. 21:00etan mutil dantzak eta dantza herrikoiak. 00:00etan Gaixoa ni eta kalejira Elutxa txarangarekin plazatik abiatuta: Intza, Saioa, Eguzkialde, Beti jai, Mendi, plaza. Ondotik DJ Alkape plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun