Aurtengo Nafarroako Herriz Herri Txapelketak badu data. Uztailaren 25ean Elizondon hasiko da eta abuztuaren 22an Larraintzarren eginen duten finalarekin borobilduko dute. Aurten helduen mailan bakarrik egin dute, gazteena ez baita atera talde faltagatik.
Bortz talde
Bortz taldek eman dute izena eta horietatik bi dira eskualdekoak: Bortziriak eta Irurita. Gainerakoak Berriozar, Txantrea eta Ultzamaldea dira.
Bi proba konbinatu
Txapelketa mistoa izanen da eta ohi bezala, bi proba konbinatutan ari beharko dute.
Lehenbiziko proba konbinatuan, txokor biltzen (lagun bat), zakuarekin (bi lagun), aizkoran (lagun bat), lasterka (bi lagun) eta arpanean (bi lagun, bat emakumezkoa eta bertzea gizonezkoa) ari beharko dute. Jardunaldi bakoitzean guttienez bi kirolarik emakumezkoak izan beharko dute: bat arpanlaria eta bertze bat nahi den modalitatean.
Bigarren proba konbinatuan, bertzalde, txinga eramaten eta ingude altxatzen ari beharko dute. Bietan bi lagun ariko dira, emakumezko eta gizonezko bana.
Egutegia
Uztailaren 25ean Elizondoko Iriarte frontoian jokatuko da lehenbiziko jardunaldia, 17:00etan, eta Berriozar, Irurita eta Txantrea ariko dira. Bigarren jardunaldia abuztuaren 1ean Beran izanen da, 18:30ean Altzateko frontoian, eta Bortziriak, Irurita eta Ultzamaldea taldeak ariko dira; hirugarrena abuztuaren 16an Burlatan eginen dute, 19:00etan, eta Berriozar, Bortziriak, Txantrea eta Ultzamaldearen txanda izanen da. Finala abuztuaren 22an Larraitzarko Ultzama frontoian jokatuko dute, 18:00etan. Lau taldek parte hartuko dute.