[BIDEOA] Aritzakun-Itsusiko itzulia egin dute Arkupeak elkarteko mendizaleek Baztango mendietan

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 22a

Hilabeteroko hirugarren astearteko ateraldiaren ohiturari eutsiz, uztailaren 21ean Otsondoko merenderoan elkartu ziren Arkupeak elkarteko mendizaleak, autoetan gero Lezetako bordara joateko. Handik oinez abiatu zen 86 laguneko taldea Aritzakungo eskola aldera. Gosaldu ondotik, Itsusiko Haitzetara jo zuten, eta 12 kilometro pasatuxeko ibilbide zirkularra egin ondotik, bueltan Lezetako bordara itzuli ziren elkarrekin bazkaltzeko. Eguraldi beroa izan zuten, baina pagadi arteko itzalak probestuz, aski eramangarria egin zitzaien ibilaldia. Irudiak: Joxe Zubieta

Abuztuaren 18an Pirinioetara

Eskualdeko mendi kaskoetan barna ibili ondotik, hurrengo ateraldia egiteko Pirinioetara begira jarri dira elkarteko mendizaleak. Animatzen denak, apuntatu dezala agendan abuztuaren 18ko data.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun