Pirinioetako bortz tontor bortz egunetan igo ditu Jose Manuel Iñarreak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 17a

Dravet sindromeari ikusgarritasuna emateko erronka ederra egin du bertze behin erratzuarrak

Hamar urte beteko ditu aurten Apoyo Dravet elkarteak eta sindromea ikusarazteko mendi erronka berria egin du Jose Manuel Iñarrea Rekarte erratzuarrak. Erran duenez, «denbora lagun izan dut eta erronka borobil atera da».

Astelehen goizean hasi zuen ibilbidea Linzako aterpetik Hiru Erregeen Mahaieko kaskora (2.446 metro), «sekulako basurde tropa atera zitzaidan, baina arras ongi ibili nintzen». Arratsalde horretan Benasquerat joan zen eta biharamunean Aneto (3.404 metro) eta Maladeta (3.312 metro) igo zituen, «eguraldi xarmanta, elur aunitz, mendi paregabea da eta Aneton zurezko gurutze bat paratu dute, desagertu zena ordezkatzeko». Asteazkenean Posets (3.368 metro) igo zuen, «niretako Pirineotako mendirik politena da, bista ederrak ditu». Atzo Perdigueron (3.222 metro) izan zen: «ortoska, inezturak, euria eta gero eguzkia, lau urtaroak egun batean izan nituen, baino arras mendi polita da». Gaur akitu du ibilbidea, Pinetatik Monte Perdidora (3.355 metro), «ibilbide paregabea da, mendi ederra eta bista zoragarriak».

Dena «arras ongi» atera dela dio, eta Dravet eritasunari ikusgarritasuna ematen segitzeko helburuarekin, «hurrengo mendi erronka prestatzen hasteko gogoz» dago erratzuarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun