Baztango Udalak harrera egin die uda igarotzera etorri diren haur sahararrei

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 15a

Hamar neska-mutikori ongi etorria eman eta opariak er banatu dizkiete. Argazkia: utzitakoa.

Denera hamar dira Oporrak Bakean programaren baitan, Saharaztan elkartearekin uda igarotzera etorri direnak. Nafarroa osora, aldiz, 102 haur dira etorri direnak; proportzioan Nafarroa haur saharar gehien hartzen dituen lurraldea izanik.

Aurten, hamar dira Baztan-Bidasoaldeko zortzi herritara etorri diren haur sahararrak: Erratzu, Ziga, Irurita, Narbarte, Igantzi, Sunbilla, Ituren eta Donamariara. Eta betiko moduz, gaur goizean, harrera instituzionala egin die Baztango Udalak Balleko Etxean. 

Ekitaldia aitzakia hartuta, hortxe bildu dira hamar neska-mutiko sahararrak eta haien harrera familiako kide batzuk. Horrez gain, han izan dira Fernanando Anbustegi, Baztango alkatea; Mohamed Gailani, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak Nafarroan duen ordezkaria; eta Mitxel Gereka, Saharaztan elkarteko ordezkaria ere bai. 

Batetik zein bertzetik, esker oneko hitzek bete dute aretoa. Hirurek: Anbustegik, Gailanik eta Gerekak harrera familiak eskertu dituzte. Anbustegik eta Gerekak Saharaztan elkartea ere eskertu dute, «urte luzez egiten ari den lanagatik». Gisa berean, saharar herria gogoan izanik, bere «elkartasuna» goraipatu du alkateak, «saharar herriak bizirik irauteko hain garrantzitsua» dela arrazoituta. Bidenabar, saharar herriko ordezkaritzari ere eskerrak luzatu nahi izan dizkio, «itxaropena zabaltzeagatik». Azkenik, Baztango Udalak ere esker onak bildu ditu bai Gailani eta baita Gerekaren partez ere. 

Bilkura borobiltzeko, haurrei opari bana eman diete eta denek elkarrekin argazkia atera dute Balleko Etxearen aitzineko aldean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun