Besta giroa izanen da nagusi heldu den asteotan Elizondon: Baztandarren Biltzarra ospatuko dute igande honetan eta herriko bestak izanen dituzte heldu den ortziraletik asteartera, uztailaren 24tik 28ra. Hori horrela, Baztan Iñarrosi Gazte Talde Feministak, boluntarioekin eta Baztango Udalarekin bat, Brigada Moreak osatuko ditu. Hala, zapi koadrodunak bakarrik ez, eta zapi moreak ere izanen dira besta seinale. Besta seinale eta, tamalez, besta giroan oraino gertatzen direnen seinale, izan ere, «eraso matxistak, sexualak eta LGTBIQ+ fobikoak prebenitu edota artatzea» baitu brigadak xede.
Egitasmoaren helburu nagusia «pertsona guziendako ingurune segurua eta errespetuzkoa bermatzea» dela esplikatu dute talde feministakoek. Bidenabar, brigadaren eginkizunak lau hitzetara laburbildu dituzte: «Prebentzioa, arreta, informazioa eta erantzun soziala».
Nola funtzionatzen du brigadak?
Eta bide batez, funtzionamendua «erraza» dela erran dute: «Edozein eraso mota gertatuz gero, Brigada Moreek berehalako segurtasuna eta laguntza eskainiko diete erasoa pairatu duten pertsonei, eskura dauden zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazioa eta orientazioa emanez, laguntza emozionala eskainiz eta, beharrezkoa bada, mediku eta segurtasun zerbitzuetara edota kasu bakoitzean beharrezkoak izan daitezkeen bertze zerbitzu batzuetara lagunduz. Gainera, gertakaria erregistratuko dute eta erantzun soziala emateko aukerari buruzko informazioa emanen dute». Brigadako kideak besta guneetan egonen dira, zapi morea jauntzirik eta ongi identifikatuta.
Funtzionamendua hori izanik, behar bezala jarduteko «oinarrizko prestakuntza beharrezkoa» dela oroitarazi dute, hortaz, bihar Baztango Gaztetxean, 20:00etan eginen dute bilkura irekia. Brigadak antolatzen diren bortzgarren aldia da aurtengoa eta argi eta garbi diote: «Bestak denontzat seguruak eta feministak izan arte borrokan segituko dugu. Gora borroka transfeminista!».