Euskal Herriko selekzioak aitorpen ofiziala du 2023tik
Euskal Herriko ardi mozte selekzio nazionala 2023an eratu zen. Ahalegin handiaren ondotik eta inguruko herrialdeen (Espainia eta Frantzia) onespenarekin, Zeelanda Berrian egoitza duen The Golden Shears World Council (GSWC) ardi moztaileen munduko erakundearen aitorpen ofiziala lortu zuen.
Horrek erran nahi du euskal taldeak ofizialki ordezkatzen duela Euskal Herria mundu mailan, ardi moztaile lehiaketei dagokionez.
Ordezkaritza horren segida bermatzeko, GSWCk ezartzen du nazioek urtean gutxienez txapelketa nazional bat antolatu behar dutela, beren lurraldean diziplinaren presentzia egiaztatzen duten bertze ekitaldi batzuez gain.
Ardi moztea kirol modura sustatzeko, Euskal Herriko moztaileen trebetasuna bertze herrialdeetakoen parean jartzeko eta Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeen arteko batasuna indartzeko, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak (EAME) txapelketa hau urtero lurralde batean egitea erabaki zuen; aurten, Nafarroan.
Landa komunitateko hainbat sektore hartzen dituen ekimen honek, hala nola artile moztaile profesionalak, abeltzaintza sektorea, artisauak eta enpresa txikiak, bikain balio du lanbide horren ikusgarritasuna areagotzeko eta bera, nahiz horren inguruko guztia, jendearengana hurbiltzeko.
Era berean, EAMEren erranetan, «gure izpiritua eta kultura mundu osoarekin partekatzea eta horien jarraitutasuna bermatzea da helburua»; bereziki, txapelketa honetara gonbidatutako zazpi nazioekin (Frantzia, Espainia, Eskozia, Irlanda, Gales, Ingalaterra eta Herbehereak).