Loraldiaren seigarren edizioan sei etxe izan dira epaimahaiak saritutakoak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 9a

Sarituek 50 euroko txartel bana irabazi dute eta, horrez gain, lore sorta bana ere bai. Argazkia: Zaldua.

Atzo egin zuten sari banaketa Elizondoko Arizkunenean, denera 16 ziren aurkeztutakoak eta seik bildu dute aipamen berezia. Aurten ere, bi kategoria bereizi dituzte: leiho edo balkoirik hoberenarena batetik eta etxe fatxadarik hoberenarena bertzetik.

Arras Baztanek antolatuta, Loraldiaren seigarren aldia izan da aurtengoa: «Baztanen leihoak, balkoiak eta etxeak apaintzeko sariketa». Horrela, etxeak lorez apaintzeko ohitura «berreskuratu» zein «bizirik mantentzea» da helburua, bidenabar, bizitzeko ingurune «hobe eta atseginagoa» lortzea ere bai. 

Ekainaren 25era arte izan zuten herritarrek izena emateko aukera eta orduantxe hasi zen epaimahaia bere lanetan. Arkupeak elkarteko lorezaintza ikastaroko kideek osatu dute epaimahaia eta aurkeztuak ziren 16 proposamenetatik sei nabarmendu dituzte. Hala, sei irabazle horiei Bertan taldearen parte diren komertzioetan gastatzeko 50 euroko txartela eta lore sorta bana eman dizkiete. 

Leiho, balkoi eta etxe sarituak

Denera 16 etxe izan dira elkarren artean lehiatu direnak, iaz baino hiru gutiago; Almandoz, Aniz, Arizkun, Elizondo, Irurita, eta Orabidekoak. Leihorik edo balkoirik hoberenaren kategorian hurrengo hiru hauek izan dira sarituak:

  • Lorea Ciaurriz (Elizondo, Braulio Iriarte 31, 3.A),
  • Maria Pilar Cordoba (Irurita, Eguxkietxea 4B, 2. ezkerra)  eta
  • Agurtzane Goienetxe (Arizkun, Erbiltenea etxea).

Etxe fatxada hoberenaren kategorian, ordea, bertze hiru hauek izan dira garaikurra bildu dutenak:

  • Rosario Iturralde (Aniz, Betiko karrika 4),
  • Maria Teresa Ibarra, (Zigaurre, Miguelenea etxea) eta
  • Mari Jose Mena (Arizkun, Pierresenea etxea).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun