Truco 2026 saria hartu du Patxi Larralde txistulari arizkundarrak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 8a

Utzitakoa.

Pirinioetako Musika eta Kultur Festibalak (PIR) Truco saria eman dio Larralderi, «Baztango soinu eta dantzen nortasuna zaintzeagatik». Pirinioen inguruko kulturaren alde lan egiten duten talde eta pertsonak omentzea da ekimenaren helburua eta saria hartzea «ohore handia» dela erran du arizkundarrak.

Baztango musika eta dantza tradizionalak ikertzen, berreskuratzen eta zabaltzen aritu da urte luzez Patxi Larralde. Plazaz plaza ibiltzen da txistu doinuak zabaltzen, eta mutil dantzen irakaslea da gaur egun. Joan den igandean hartu zuen aurtengo Truco saria Huescako Ansó herrian, eta eszenatokira igotzean esker oneko hitzak bertzerik ez zituen.

Sariak «Baztango folklorea ikertzeko, biltzeko eta transmititzeko lan interesgarri bezain nekagarria aitortzen duela» adierazi zuen, eta batez ere berezia da «PIR festibalari estimu handia izan diogulakoz beti nik eta nire kultur aktibismoko kideek. Festibalaren edizio ugaritan parte hartu dugu gure musika eta dantzarekin, hortaz, saria ez dut nik bakarrik eskuratu, baita Jo ala Jo kultur elkarteak, Baztandarra dantza eskolak, Baztango gaitari, xulubitari eta kirikoketariek, eta ekimen kulturalak egiten laguntzen nautenek, dantzak ikasten, instrumentuak jotzen…». Doike, ezin zuen aipatu gabe utzi Jabier Larralde, bere maisua eta aita, «bizitzako bide zoragarri honen urratsetan jarri ninduena».

Festibala bera ere goraipatu zuen, «Baskoniako folklorea kontuan hartzen duelakoz. Horren froga da euskal kulturako zenbait ekintzaileri egindako aitortzak, bertzeen artean Michel Etxekopar, Juan Mari Beltran, Juan Antonio Urbeltz eta Marcel Gastellu euskaldun-bearnotarra».

Euskal kulturatik harago, «Pirinioen ipar eta hego magalen herrietako kulturei lotua dago festibala. Pirinioetako Ama Lur honetan, bere jende askeari esker, gaur egun oraindik irauten duten bailaretako antolaketa eta sistema politiko-sozial propioak sortu dira, erromatarrak ez germaniarrak ez direnak. Zibilizazio multikulturala da, hizkuntza, dialekto eta influentzia anitzekoak».

Mendiek «banatu beharrean elkartzen gaituztela» adierazi zuen, eta «horren adierazle da Lucía Gastón ansoarra Fernando Anbustegiren amatxi izan zela, egungo Baztango alkatea, aita Erronkarikoa duena».

Solastatu ez ezik, Aragoin eta Biarnon arras ezaguna den Aquellas montañas que tan altas son kanta jo zuen Larraldek, baita mutil dantza eta zortzikoa ere. Momentu polita izan zen, Baztango kuadrilla bat ere bertaratu baitzen dantzatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun