Hamar urte beteko ditu aurten Apoyo Dravet elkarteak eta sindromea ikusarazteko mendi erronka eginen du bertze behin Bizkaian bizi den Jose Manuel Iñarrea Rekarte erratzuarrak. Beti bezala, lan polita bezain gogorra du aitzinetik: Pirinioetako bortz kasko igoko ditu bortz egunetan.
Uztailaren 13an, heldu den astelehenean, hasiko du ibilbidea Linzako aterpetik Hiru Erregeen Mahaieko kaskora (2.446 metro). Arratsalde horretan Benasquerat joanen da eta biharamunean Aneto (3.404 metro) eta Maladeta (3.312 metro) igoko ditu. Uztailaren 15ean Posets (3.368 metro) igoko du, 16an Perdiguero (3.222 metro) eta azkenik 17an Pinetara joanen da Monte Perdido (3.355 metro) igotzeko.