Amaiurko Gaztelua Fundazioak adierazi duenez, «gaztelua Nafarroako memoria historikoaren toki nagusietako bat da. Herriak hainbat urtez sustatu du bertako ikerketa arkeologikoa eta musealizazioa eta lan aunitz auzolanez egin dira. Kultura ondare hau kontserbatu ahal izateko bisitarien laguntza eskatzen dugu, duela bi hamarkada hasitako lanekin segitu dezagun».
Hori dela eta, eremu arkeologikorat sartzeko sarrera ordaindu beharko da uztailaren 1etik goiti, 2,50 euro pertsonako. Sarrera konbinatua, museoa eta gaztelua, lau euro izanen dira. Baztandarrek debalde izanen dute, eta museoan hartzen ahalko dute txartela.
Herrian bi salmenta puntu paratu dituzte: Agerrea etxeko museoan irekiera orduetan eta herriko gaineko aldeko ermitan dagoen kiosko elektronikoan 24 orduz. Udan, uztail eta abuztuan, museoak hurrengo ordutegia izanen du: astelehenetan hetsita, asteartetik larunbatera 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era eta igande eta besta egunetan goizez, 10:30etik 14:00etara. Online ere eros daitezke amaiur.eus webgunean.