Hitzarmenean biltzen denez, «Batzar Nagusiak konpromisoa hartzen du BKZ enpresak abentura parkea garatzeko beharrezkoak dituen herri lurren okupazioa emateko, betiere, hitzarmenean zehazten diren baldintzak betez gero. Hitzarmenak ez du baimen automatikoa ematen BKZk aurkeztutako aurreproiektua gauzatzeko».
Proiektua garatzeko, «NA-9300 errepidea hobetu eta zabaldu beharko da parkearen handitze lanak hasi aitzinetik. Lanak ezin izanen dira abiatu errepidearen hobekuntza amaitu eta Nafarroako Gobernuak jasota izan arte». Gainera, «trafikoaren gaitasunari buruzko azterlana egin beharko da eta beharrezko kontrol neurriak ezarri, bidearen edukiera gainditu ez dadin eta auzotarrei kalterik ez eragiteko. Errepidea zabaltzeko prozesua gardentasunez garatu beharko da: dokumentazioa jendaurrean jarri, informazio saioak egin eta zabalkunde guztiak udalaren oniritziarekin gauzatu».
Horrez gain, «BKZk Plan Berezi bat aurkeztu beharko du. Honek parte hartze prozesu bat izanen du eta herritarrek beren iritzia agertzen ahalko dute. Plan horrek parkeko jarduera osoa jaso beharko du, bai abenturarekin lotutako erabilerak, bai ostalaritza eta ostatu zerbitzuak, eta parte hartze prozesuaren ondotik Baztango Udalak izanen du hau onartzeko eskumena. Horrez gain, ostalaritza jarduera ezin izanen da abentura jardueratik bereizi, eta etorkizuneko edozein handitze berrik hitzarmen berri bat beharko luke».
Azkenik, «ingurumen baimen guztiak eskuratu beharko dira, eta ondoren eraikuntza proiektu xehatuak aurkeztu beharko dira Udalaren onespenerako».
Proiektua egiteko epeak ere zehaztu dituzte:
- Errepidearen hobekuntzarako hitzarmena sinatu eta bi hilabetetako epean hasi beharko ditu BKZk.
- Plan Berezia urtebeteko epean aurkeztu beharko du.
- Ingurumen proiektuak Plan Berezia onartu eta urtebetera.
- Errepidearen hobekuntza hiru urteko epean akituta.
- Parkearen obrak hitzarmena sinatu eta hiru urteko epean hasi, betiere errepidea akituta badago.
-
Proiektu osoa gehienez bortz urtetan akituta.
Gardentasuna bermatze aldera, «hitzarmenak Jarraipen Batzorde bat sortzeko aukera aurreikusten du. Batzorde horretan Baztango Udala, Baztango Batzar Nagusia eta Bidasoa Kultur Zerbitzuak SL egonen lirateke ordezkatuta. Bertzeak bertze, trafiko fluxu egokia zaindu, trafiko dentsitatea kontrolatu eta hobekuntza eta kontrol ekintzak proposatuko ditu, ibilgailuen fluxuan arazorik ez izateko eta bizilagunei kalterik ez eragiteko».