Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Nafarroako auzitegiak ebatzi du gobernuak 18 milioi euro ordaindu beharko dizkiela Aroztegiko enpresei

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 1a

Promotoreek auzitara eraman dituzte Nafarroako eta Espainiako gobernuak, kalte ordainak eskatuz. Espainiako Auzitegi Nazionalak ezezkoa eman badie ere, Nafarroako Auzitegi Gorenak eskaera partzialki onartu du eta Nafarroako Gobernuak 18 milioi euro ordaindu beharko dizkie. Gobernuak jakinarazi du epaia errekurrituko duela.

Aroztegiko proiektuaren gibelean dauden enpresek, hau da, Hotel Palacio de Arozteguíak, Palacio de Arozteguíak eta UGEPeko Konpentsatzio Batzordeak, auzitegira eraman zituen Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua. Proiektuko lanak gelditu zirenean administrazioen partetik «babesik izan ez zutela» argudiatuz, sortutako kalteen erantzule egin nahi izan zituzten eta kalte ordainak eskatu zizkien bi gobernuei.

Alde batetik, Espainiako Gobernuari 46 milioi eskatu zizkioten, Guardia Zibilaren «gelditasunagatik». 2023an Espainiako Auzitegi Nazionalak ezezkoa eman zion enpresen eskaerari, eta erabakia errekurritu bazuten ere, aurtengo maiatzean auzitegiak berriz ere ezezkoa eman die. Hiru argudio nagusi eman ditu horretarako: «poliziaren jarduna proportzionatua eta egokia» izan zela, «errua enpresarena dela ez zuelako inongo neurririk hartu», eta «lanen adjudikazioa baliogabea izan zela eta, beraz, lanak ilegalak».

Bertze aldetik, Nafarroako Gobernuari 26 milioi euroko kalte ordaina eskatu zioten, obrak gelditu zirenean Foruzaingoaren «jarduera ezagatik». Nafarroako Auzitegi Gorenak ere ezezkoa eman zion eskaerari, baina enpresek errekurritu egin zuten eta atzo erabaki zen eskaera partzialki onartzea. Epaian, auzitegiak estimatu du administrazioaren partetik «gelditasuna» izan zela, «proiektuaren kontrako oposizioak sortutako kalteak ez saihesteagatik». Hala ere, kulparen parte enpresena ere badela onartu dute, «neurririk ez hartzeagatik». Hori dela eta, gobernuak kalte ordainaren % 75 ordaindu beharko du, 18 milioi euro inguru.

Erabakiaren aitzinean, Nafarroako Gobernuak erran du «deigarria dela Nafarroako Auzitegi Gorena bi administrazioen eta Auzitegi Nazionalaren kontra joatea, zeinek defenditu duten poliziaren erantzuna egokia izan zela eta lanak ilegalak zirela».

Hori dela eta, gobernua «ez dago ados» erabakiarekin eta erran du «polizia ez dela obra ilegalak defenditzeko erantzule». Gainera, «enpresek argudiatu dute proiektua geldiarazi zutela, baina gaur egun proiektua oraindik berrartu daiteke, baimenak indarrean segitzen duelako». Ondorioz, epaia errekurrituko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun