Administrazioa zugandik gertu proiektua abiatu du Baztango Udalak, «administrazioa herritarrengana hurbildu, eta eguneroko tramiteak errazago eta erosoago egin ahal izateko». Hori horrela, ziurtagiri digitala eta Cl@ve sistema eskuratzeko edota Gizarte Segurantzaren, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren zenbait tramite egiteko aukera emanen dute.
Are zehatzago, hurrengoak izanen dira abuztuaren 4an balleko etxean eskainiko diren zerbitzuak:
- Ziurtagiri digitala edota Cl@ve / identitate elektronikoa eskuratzea.
- Gizarte Segurantzarekin lotutako kontuak argitzea: tramiteei buruzko informazioa, bizi laborala, kotizazio oinarrien txostenak, erretiro pentsioaren adinaren eta zenbatekoaren simulazioa, prestazio diferenteen eskaerak eta Europako osasun txartela eskatzea.
- Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren tramiteak: prestazioen eskaera, datuen kontsulta eta aldaketak eta ziurtagiriak.
- Trafiko Zuzendaritza Nagusiarekin zerikusia duten kontuak: ibilgailuen altak, bajak zein titulartasun aldaketak; partikularren arteko nekazaritza ibilgailuen transferentziak; ibilgailuen, gidariaren historialaren eta puntuen txostenak; eta ibilgailuen zein gidarien helbide aldaketak.
- Herritar karpetaren funtzionamenduari buruzko informazioa.
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH), Lehen Hezkuntza (LH) edota Batxilergo tituluen homologazioaren inguruko informazioa.
Zita eskatzeko epea irekita dago dagoeneko eta 948 580 006 zenbakira deituta eskuratu daiteke. Bertzetik, hitzordu egunean NAN txartela, AIZ ziurtagiria edo pasaportea eskatuko da.