Baztango Herriguneen Hiri Jarduketarako Plan Berezia behin betiko onartu du udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 30a

Azken osoko bilkuran onartu zuten proiektua, EH Bildu eta Zurekin Baztanen aldeko bederatzi botorekin, Baztango Independenteen kontrako bi botoekin eta UPN eta Geroa Bairen bi abstentzioekin

Baztan Hobetzen planak «bailaran dauden herrigune historikoen etorkizun urbanistikoa gidatuko du, eta birgaitzea, ondarearen babesa eta herritarren bizi kalitatea hobetzea ditu ardatz nagusi». Bertzeen artean, «etxebizitza parke zaharkitua berritzea, hutsik dauden etxebizitzei erabilera berria ematea, herrigune historikoak gaur egungo bizimodura egokitzea eta ondare arkitektoniko, kultural eta paisajistiko aberatsa babestea du helburu».

«Herritarren parte hartze prozesu eta azterlan tekniko sakon baten emaitza» da plana, eta «hazkunde urbanistikoan oinarritutako ereduen ordez, lehendik dagoena zaintzea eta hobetzea lehenesten du». Horretarako, «etxebizitzen eta eraikinen birgaitzea sustatzen du, espazio publikoak berreskuratu, herriguneei bizitasuna eman, lurzoru berria urbanizatzeko beharra saihestu eta natura ingurunea babestu».

Hiru helburu estrategiko ditu: «etxebizitzak birgaitu eta egokitzea; herrietako eguneroko bizitza indartzea; eta paisaia, ondare arkitektonikoa eta natura zaintzea». Horrez gain, planak «jasangarritasuna, irisgarritasun unibertsala, mugikortasun iraunkorra, berdintasuna eta genero ikuspegia txertatzen ditu».

Horrek herritarrendako «onura zuzenak» ekarriko ditu, bertzeak bertze: «etxebizitza zaharren birgaitzea erraztea, hutsik dauden etxebizitzen erabilera sustatzea, ondare arkitektoniko tradizionala babestea, karrikak, plazak eta espazio publikoak hobetzea, mugikortasuna eta aparkalekuen antolaketa hobetzea, paisaia babestea, tokiko ekonomia eta hurbileko jarduera ekonomikoa indartzea…».

Etorkizuneko eredua

Planaren diagnostikoak agerian utzi du «Baztanek balio handiko ondare arkitektoniko eta paisajistikoa duela, baina baita erronka garrantzitsuak ere: hutsik edo gutti erabiltzen diren etxebizitza ugari, birgaitzea behar duten eraikinak, biztanleriaren zahartzea eta herriak gaur egungo bizimodura egokitzeko beharra, haien nortasuna galdu gabe». Proiektuak ikuspegi aldaketa proposatzen du: «garapen urbanistiko berriak sustatu beharrean, lehenagotik dauden herriguneak zaindu, berritu eta biziberritzearen alde egiten du».

Dokumentua osatzeko prozesuan «auzotarrek, eragile sozialek eta udal ordezkariek» parte hartu dute eta proposamen aunitz «haien beharretan oinarritzen dira». Orain behin betiko onarpena eman diotela, «Baztanek tresna urbanistiko moderno eta estrategikoa izanen du hemendik aitzinera bailaran eginen diren jarduketak gidatzeko».

Gainera, plana «Baztan Lehentasunezko Birgaitze Eremua izendatzeko eman beharreko aitzineko pausua» da. Izan ere, planari esker, udalak LBE izendatzeko eskatzen ahalko dio Nafarroako Gobernuari. Horrek «etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko lehentasunezko gune gisa aitortuko du eta etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntza handiagoak jaso ahal izanen dira. Kasu batzuetan, laguntzak obra-diruaren %45era irits daitezke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun