Etxebizitzaren inguruko informazioa eskaintzen duen bulego ibiltariak geldialdia eginen du Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 30a

Etxebizitza arloko informazio espezializatua eskaintzen duen bulegoa Altsasun. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Zazpi dira Nafarroan barna etxebizitzari buruzko informazio espezializatua ematen duen bulegoak bisitatuko dituen herriak; eta Elizondon izanen du udako azken geltokia abuztuaren 3tik 9ra

Nafarroako Gobernuaren etxebizitza arloko informazio espezializatua eskaintzen duen bulego mugikorra hemendik harat ibiliko da uda honetan. Ibilbidea hasia du eta Altsasun egona da dagoeneko, abuztuaren 3tik 9ra Elizondoko egonaldiarekin akituko du bere bidea. Etxebizitza ardatz hartuta; alokairurako laguntzei, etxebizitza babestuak erosteko dirulaguntzei, birgaitzeari, bizigarritasun zedulei, alokairu poltsari  edota bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuen adierazpenari buruzko informazioa herritarrei helaraztea du helburu. Bidenabar, etxebizitzaren inguruko izapideen egitea errazteaz eta zalantzak modu argian erantzuteaz arduratzen da.

Nafarroako Gobernuak adierazi bezala, «herritar guziek» jo dezakete bulegora, eta hortaz, inklusibitatearen mesedetara, herritar guziendako aproposa eta erosoa izan dadin moldatu du: mugikortasun urriko pertsonendako plataforma, pertsona gorrendako indukzio bidezko begizta magnetikoa, braillean idatzitako seinaleztapena, audio bidezko deskribapenak eta irakurketa errazeko sistemak paratu dizkio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun