Baztango Ernaik hainbat deialdi egin ditu aurtengo udarako

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 30a

Irailaren 13an taldeak Donostian eginen duen manifestazio nazionalera begira zenbait hitzordu izanen dira udan Baztanen. Aste honetan Gure bailaran, gure ikurrak! dinamika abiatuko dute

Baztango Ernaik hainbat deialdi egin ditu uda honetan Euskal Herria Irabaztera kanpainaren barnean, izen berarekin irailaren 13an Donostian eginen duten mobilizaziora deitzeko.

Lehenbizikoa bihar hasiko dute, uztailaren 1ean, Gure bailaran, gure ikurrak! izenpean. Azaldu dutenez, «Baztan toki masiboki turistifikatua da, eta garrantzitsua ikusten genuen leku zehatz batzuetan gure ikurrak egotea, haien falta sumatzen baitugu». Horretarako, «propaganda hitzorduak eginen ditugu, Baztanen behar bezalako propaganda egin eta Euskal Herria Irabaztera dinamika behar bezala lantzeko. Aste honetan izanen dugu lehenbiziko hitzordua: asteazkenean, 19:30ean Iriarte pilotalekuan».

Gainera, «erabaki dugu uda honetan ikurrinak paratu behar ditugula toki turistikoetan, eta aste honetan lehenengoa, Legaten». Uztailaren 2an 09:30ean Baztango Gaztetxetik abiatuko dira mendi kaskora.

Azkenik, Baztango Ernairen Elkargunea eginen dute. «Elkargune hauek batzar irekien forma izanen dute, eta lehenengoa jada deitu dugu, ortzegunean, 19:30ean, Amezti elkartean. Bertan, udako plana eta dinamika ongi azalduko ditugu, eta datozen erronkei nola ekin ere solastatuko dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun