'Al final todo va a estar bien' filma grabatuko dute Baztanen eta parte hartzeko gomita luzatu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 30a

Uztailaren 20tik 31ra bitarte izanen dira grabaketak eta parte hartzea ez da diruz ordainduko.

Nestor Ruiz Medina zuzendari madrildarrak; Mono con Pistolas, Sorenfilms eta Hackeo Productions ekoiztetxeekin batera, uztailetik aitzinera Al final todo va a estar bien pelikularen grabaketa ekarriko du Baztanera. Eszenak betetzeko jendea behar dute eta herritar orori zabaldu diote gomita, parte hartzea diruz ordainduko ez dela ere aitzindu dute. Agertu nahi izatekotan aitzinetik eman beharko da izena: hemen.

Eta zeri buruzkoa da filma?

Pelikularen lagin osoa elkarren artean korapilatuko diren bortz istorio diferentek osatuko dute. Enrique bere itsasontzian bizi den gizon bakartia da, etxegabetu nahi dutena. Bakartia den heinean, bakarrik bere iloba Palomarekin mantentzen du harremana, halere harreman bitxia da beraiena. Palomak publizitate arloan lan egiten du eta bizia bere kaos propioan bizi du, hori horrela, bere biziaren norabidea zuzentzeko asmoz, Angela, bere alaba, osaba Enriquerekin utziko du egun batzuetarako. Osaba Enriquerekin Angelak mugikorretik aterako ditu begiak eta mundua begiratzen hasiko da: errealitatea atzematen. 

Bitartean, Victor, Angelaren aita, bere bikotekide berria den Blancarekin guraso izatekoa da eta batak bertzeari gauzak altxatzen dizkiote; alegia, biek sekretu handi bat gordetzen dute, baina bakoitzak berea. Azkenik, Santiago Klaus bere zakurrarekin karrikan bizi da eta zakurra hilzorian duela, nola edo hala, gaixotasuna sendatzeko tratamendua ordaindu nahi dio. Palomarekin topo eginen du eta honek Santiago eta Klaus publizitate kanpaina batean agertzera eramenen ditu; horrek Klausi, eta bide batez Santiagori ere, bizia salbatzen ahalko die akaso. 

Pertsonaia horiei guziei eta gehiagori ere bizia emanen diete, bertzeak bertze; Ester Acebo, Maria Lazaro, Roberto Manrique, Alex Sorian Brown, Alvaro Manso, Nüll Gartzia, Elena Zurita, Ana Ruano eta Arya Laborda aktore famatuek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun