Oronoz-Mugairiko sei etxebizitza hutsen «kudeaketa txarra» salatu du herriak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 29a

Nafarroako Gobernuak bere jabetzako sei etxebizitza bortz urtez hutsik eta itxita eduki dituela salatu dute

Argazkiak: Oronoz-Mugairiko Herria

Oronoz-Mugairiko herritarrek elkarretaratzea egin zuten larunbatean, «herrian dugun etxebizitza arazoaren aitzinean ezinegona eta haserrea adierazteko». Alkatetza taldeak adierazi duenez, «gaur egun etxebizitza faltaren eta espekulazioaren arazoa nabarmena da gure gizartean. Oronoz-Mugairin, zehazki, Nafarraoako Gobernuaren erabateko utzikeria salatu nahi dugu». Izan ere, gobernuaren jabetzako sei etxebizitza hutsik eta itxita dituzte herrian.

Diotenez, «Baztango Udaletik eta Oronoz-Mugairiko Herritik urteak daramatzagu etxebizitza hauei irtenbide bat ematea eskatzen eta herrian dugun etxebizitza arazoa salatzen. Bortz urte daramatza Nafarroako Gobernuak sei etxebizitza horiei irtenbiderik eman gabe, eta bitartean, oronoztarrei bizkarra ematen. Konponbideak nahi ditugu eta konpromisoa eta berehalako jarduna exijitzen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun