Pasa den ortziralean egin zuten Baztandarren Biltzarra Elkarteko kideek aurtengo edizioaren aurkezpena: uztailaren 19an izanen da eta urteroko moduan egun osoko besta izanen da. Joanes Altxu oronoztarra lagun izan zuten eta aurtengo kartela aurkeztu zuen baztandarrak: «Bizia eta eskuz egina». Hiru aste baino guttiago falta dira uztailaren 19rako eta egun handia hurbildu heinean, «urduritasuna» eta «gogoa» nabariak direla erran zuten elkarteko kideek.
Ospakizunaren berezko izatea zein den oroitarazi nahi izan zuten, eta Baztandarren Biltzarra bere balioengatik izan badela eta egin ere egiten dela berretsi zuten. Bide batez, euskaraz bidali zuten mezua eta euskara erdigunera ekarri ere bai: «Urte batez gehiago bizirik dirauen besta honetan azpimarratzekoak dira elkartasuna, auzolana, identitatea eta nola ez euskara; gure hizkuntzak, kulturak egiten du garena, eta Baztandarren Biltzarrak urtero bezala goraipatu nahi du Baztan euskalduna».
«Babesa erakutsi nahi diegu, eskerrak eman gure bestan ere, tonbolan eskuzabaltasunez parte hartzen dutelako. Komertzio ttikirik gabe ez dago herririk eta ondorioz gurea bezalako bestarik»
Gisa berean, aurtengo zenbait kontu aitzindu zituzten, errate baterako, Bertan elkartea izanen dela desfilea irekiko duen omendu berezia; beraien hitzetan komertzio ttikiak egiten duelako «herria herri». Eta ez hori bakarrik: «Gure herriak egunero iratzarri egiten dituztelako, kaleak piztu eta euskarari lekua uzten diotelako». Are gehiago, besta aitzinera ateratzeko beraien hazia ere paratzen dutelako: «Babesa erakutsi nahi diegu, eskerrak eman gure bestan ere, tonbolan eskuzabaltasunez parte hartzen dutelako. Komertzio ttikirik gabe ez dago herririk eta ondorioz gurea bezalako bestarik».
Besta seguru baten alde
Herriaz ari zirela, herria «denena» dela ere aldarrikatu zuten; gorputz eta pertsona oro plazetan dantzatzera «ongi etorriak» izanen direla argi utzita. Bide beretik, «besta seguru» baten alde eginen dutela adierazi zuten, protokolo feminista eta guzti: «Dei egiten dugu besta ereduan normalizatuak dauden hainbertze jarrera bortitz eta baztertzaileak birpentsatzera».
«Argi dago Baztanek baduela zer erran eta baita zer irudikatu ere», erran zuten eta baztandarrei ere zuzendu zitzaizkien: «Baztandarrak: hasi baserritar jantziei hautsa kentzen, segi orgetako ideiak sendotu eta lanabesak prestatzen, segi Baztanen euskara barra-barra solastatzen, auzolan hau ez baita erraz itzaliko! Uztailaren 19an ikusiko gara elkar! Gora Baztandarren Biltzarra!».