Baztango Udalak 31 etxebizitza berri eraikitzeko proiektua bultzatu du Elizondon eta Oronoz-Mugairin, kooperatiba bidez eta lur eskubidearen erregimenean. Zehazki, Elizondon 16 etxebizitza egin nahi dituzte eta Oronoz-Mugairin 15. Udalak lurzorua paratuko du eta kooperatibak bere gain hartuko du etxebizitzen eraikuntza eta ondorengo kudeaketa.
Proiektuak Nasuvinsaren laguntza izanen du eta Habitabidek gidatuko du. Habitabide etxebizitza kooperatiben ereduari lotutako kooperatiba da, eta etxebizitza kolaboratiboko proiektuak sustatzen ditu, pertsona eta taldeei prozesu osoan lagunduz. Baztanen ere laguntza teknikoa eta aholkularitza eskainiko du kooperatiba eratzean, eredua definitzean eta etxebizitza politika publikoarekin bat datorren garapena bermatzeko laguntze emanez, bertzeen artean.
Zer da lur eskubidea?
Lur eskubidea formula juridiko bat da: lurrak jabe publikoarena izaten segitzen du eta etxebizitza eraikitzen duten pertsonek edo kooperatibako bazkideek eraikinaren erabilera eta jabetza eskubidea lortzen dute epe luzerako, 75-99 urte bitarte (epe hori luzatzeko aukerarekin).
Eredu horren bitartez, etxebizitzak merkatu librekoak baino merkeago eskuratzen dira, lurzorua ez baita prezioan sartzen. Gainera, Nafarroako Gobernuak dirulaguntza ematen du etxebizitza bakoitzeko, 35.000-45.000 euro bitartekoa.