Gaurkoa, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izanik, Baztango Udalak seinalea egin du eta «pertsona guztien eskubideekiko, askatasunarekiko eta duintasunarekiko duen konpromisoa» berretsi du. Herriak, auzoak eta espazio publikoak «seguruak» eta «inklusiboak» izan behar dutela aldarrikatu du; «pertsona orok bere nortasuna eta bizi-proiektua askatasunez garatu ahal izateko».
Bide beretik, iraganetik gaur egunera arte, borroka kolektiboari eta mugimendu sozialen lanari esker «aitzinera pausoak» egon direla aipatu badu ere, oraino egiteke anitz gelditzen dela aitortu du: «Oraindik ere badira diskriminazio egoerak, indarkeria adierazpenak eta gorroto diskurtsoak LGTBIQ+ kolektiboaren kontra».
Konpromisoak
Hori horrela eta Baztango II. Berdintasun Plana kontutan hartuta, hurrengo bortz konpromisoak bere gain hartzen dituela adierazi du:
- Sexu eta genero aniztasunaren inguruko sentsibilizazio, informazio eta hezkuntza ekintzak sustatzen segitzea, bereziki gazteen artean eta herriko eragileekin elkarlanean.
- Udal langileen eta udal ordezkarien prestakuntza sustatzea, sexu orientazioaren, genero identitatearen eta genero adierazpenaren inguruko ezagutza eta arreta egokia bermatzeko.
- LGTBIQ+fobiaren, diskriminazioaren eta gorroto diskurtsoen aitzinean jarrera aktiboa mantentzea, prebentzioa, salaketa eta erantzun instituzionala indartuz.
- Baztanen LGTBIQ+ pertsonen arteko topaketa, parte hartzea eta antolakuntza sustatzea, erreferenteak, sare komunitarioak eta ekimen kolektiboak sortzen lagunduko duten espazioak bultzatuz.
- Baztango udal politika guzietan berdintasunaren, aniztasunaren eta giza eskubideen ikuspegia txertatzen segitzea, pertsona guztien ongizatea eta parte hartzea bermatzeko.