Foruen abolizioaren eta Alkateen Mugimenduaren urtemugak hizpide, aldarriak plazaratu ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 26a

Batzango Balleko Etxea. Argazkia: artxibotik.

1876ko Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako foru-erregimenaren abolizioa eta 1976ko Bergarako biltzarreko Alkateen Mugimendua izan ditu oroigarri Euskal Herriaren etorkizuna begiratzeko.

2026a «garrantzia historiko eta politiko handiko» urtea dela oroitarazi du Baztango Udalak. Izan ere, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foruen abolizioaren 150. urtemuga eta Bergaran egindako Alkateen Mugimenduaren 50. urtemuga dugu aurtengoa. Mugarri horiek kontutan hartuta, zenbait aitortza eta aldarrikapenekin bat egin du udalak bere azken mozioan. 

1876. urterako deuseztatuak zituzten Nafarroa Garaiko eta baita estatu frantsesaren menpe zeuden Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako foruak, bide batez, araubidearen aldaketa horiekin burujabetza instituzionala galdua zuten lurralde horiek. Gauzak horrela, Espainiar Estatuak 1876an Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foru-erregimena abolitzea lortu zuenean aitzinetik zituzten burujabetasuna eta eskumenak galdu zituzten Euskal Herriko probintzia guziek, zazpiek. Balleko etxetik esplikatu duenez, «erabaki haiek herri borondatearen gainetik ezarri ziren, eta ondorio sakonak izan zituzten Euskal Herriaren egituraketa instituzionalean, lurralde-artikulazioan eta autogobernuan». 

Gisa berean, ehun urte beranduago, 1976ko uztailaren 21ean, frankismoaren amaieraren testuinguruan eta trantsizio politikoaren atarian, Euskal Herriko udal ordezkari batzuk bildu ziren Beragaran: Egun, Alkateen Mugimendua izenez ezaguna den bilkuran. Elkartu ziren horretan, foruen abolizioaren mendeurrena baliatu zuten Euskal Herriaren nortasun nazionalaren, eskubide historikoen, udal tradizio demokratikoen eta autogobernurako nahiaren alde egiteko. Eta ez hori bakarrik: herriaren eskubide politikoak «iraungi ezinak» eta «ukaezinak» direla ere aldarrikatu zuten.

«Oroimen historikoaren aitortzak gaur egungo autogobernuaren inguruko eztabaida politiko eta instituzionala elikatu behar du»

Bide beretik, 50 urte beranduago adierazpen hartan bildutakoak oraino «gaurkotasun osoa» duela arrazoituta, zenbait aitortza eta aldarrirekin bat egitea erabaki du Baztango Udalak. «Etorkizuneko gizarte erronkei erantzun baikor bat eman ahal izateko, euskal herritarren ahotsak bere lekua behar duela, eta hitzaren eta erabakiaren jabe izan behar dugula» iritzita. Kasurako; etorkizunera begiratu aitzinetik iraganera begiratzeko beharra erakutsi du: «Oroimen historikoaren aitortzak gaur egungo autogobernuaren inguruko eztabaida politiko eta instituzionala elikatu behar du». 

Halabeharrez, uztailaren 19an Bergaran antolatuko den ekitaldi politiko-instituzionalaren helburuen alde egin du: «Alkateen Mugimendua gogoratzeko, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun