Zein dira plataformaren aldarrikapenak?
Lehen mailako arreta zerbitzu duina eta publikoa eskatzen dugu. 2024an plataforma abiatu genuenean gure aldarrikapen nagusia zen Elizondoko mediku postu guziak betetzea, irail horretan hiru postuak hutsik gelditu baitziren. Ordutik denboraldiko kontratuekin bete dituzte bi postu. Hirugarrena bertze herrietako medikuekin betetzen zuten, joan den urtean jubilatutako mediku batek bere burua eskaini zuen arte; postua % 40an bete zuen, eta bertze batek kontratu murriztua duenez, bien artean ia osoki betetzen dute jarduera. Horrez gain, Iruritan medikua lekualdatu da eta hutsunea sortu da. Postu horiek guziak modu egonkorrean bete daitezela eskatzen dugu, baldintza duinekin bai langileendako eta baita guretako ere, hau da, medikuek euskaraz jakitea eta lehen mailako arretako espezialitatea izatea. Eskakizun hori erizain eta administrariendako ere zabaltzen dugu.
Nola ikusten duzue Baztango osasun zerbitzuaren egoera gaur egun?
Alde batera uzten badugu Iruritakoa, berriki gertatu dela, ikusten dugu postuak betetzen ari direla. Arizkungo eta Oronozkoak, adibidez, finkoak dira, baina arazo larriena Elizondoko Osasun Etxean dago. Beti beldurrez gaude postu hobea ateratzen bazaie langileak lekutuko direla, eta egonkortasuna falta badagoela iruditzen zaigu. Horrez gain, orain medikuei ez diete eskatzen lehen mailako arretako edo familia medikuko espezialitatea. Eskakizun hori Covidarekin kendu zuten, medikuen falta baitzen, eta ez dute berriz jarri. Orokorrean, egoera ezegonkorra dela erranen genuke.
Zuen eskaerak plazaratzeko mobilizazioak egin dituzue hilabetero. Nolako erantzuna izan dute jendearen aldetik?
Arras ona, eta justuki horrexegatik segitzen dugu hemen. Bistan da jendeari inporta zaiola. Baztanen hilabetero guttienez 80 lagun biltzea zaila da, eta guk bi urte daramatzagu horrela. Ekaineko elkarretaratzean 130 pertsona inguru ginen. Horrek erakusten du jendearen kezka, eta aitzinerat segitzen laguntzen gaitu.
Ikasturteko azken elkarretaratzea izan zen ekainekoa. Nola baloratu duzue ikasturtea?
Momentuko partxeak bete dituzte, baina gu ez gara horrekin konformatzen. Postuek iraunkortasuna izatea eta behar diren baldintzekin betetzea nahi dugu, eta hori bermatzetik urrun dago egoera. Irailean lan eskaintza publiko bat aterako omen dute, % 40 Elizondorako eta % 60 Lesakarako. Baztango hainbat eragilek, tartean osasun plataformak, udalak eta mediku zuzendaritzak, erran diegu Nafarroako Gobernuko ordezkariei hori ez dela eraginkorra, eta horrelako postu batek ez duela iraunen. Pertsona horri etorkizunean bertze leku batean % 100 egiteko aukera ateratzen bazaio, harat joanen da. Horrelako eskaintzek ez dute iraunkortasuna bermatzen.
Uztailean eramanen dute Nafarroako Osasun Foru Lege berriaren proiektua Legebiltzarrera. Nola ikusten duzue?
Osasun lege on batek ez du zaintza on bat bermatzen, baina horretarako oinarriak jartzen ditu. Orain indarrean dagoen legea 1990ekoa da, eta ezinbertzekoa da lege berria gaurko beharretara egokitzea. Zientzia, teknologia, gaixotasunak… gauza aunitz aldatu dira 36 urte hauetan, tartean Covida izan dugula, eta legeak aldaketa horiek kontuan eduki behar ditu. Horrez gain, zerbitzu pribatuetarat doazen diru partidak murriztea eta zerbitzu publikoak indartzea beharrezkoa ikusten dugu, Osasunbideko egitura osoa hobetzeko. Gainera, herritarren parte hartzea artikulatu behar dela uste dugu, ordezkaritza batzuen bidez zein bertze formula batzuekin; osasun aferetan interesa duen edonor ahalbidetzea bere iritzia emateko eta eskaerak egiteko. Lege berriak hori guzia bideratu beharko luke. Uste dugu oraindik denbora badagoela, Legebiltzarrean aurreproiektua aurkezten delarik, zuzenketak egiteko eta eskatzen ditugun parametrok txertatzeko. Itxaropena badugu, herritarrak sentsibilizatuak baitaude osasun aferekin, orain lege aterki bat behar dugu funtzionamendu duin baterako bidean beharrezko pausoak emateko.
Udako geldialdiaren ondotik, irailaren 16an egin duzue hurrengo hitzordua…
Bai, udan jendea biltzea zaila dela iruditzen zaigu eta heldu den ikasturtean segituko dugu, baina formatua aldatuz. Irailaren 16an Arizkunenean saio irekia eginen dugu eta bertan herritarrek parte hartzea nahi dugu, proposamenak egiteko, kexatzeko, terapia moduan erabiltzeko… jendearekin solas egiteko eta ideia eta kezkak ezagutzeko. Eta noski, norbaitek hurbilagotik ezagutu nahi badu osasungintza, plataforman sartzera animatuko dugu. Izan ere, orain taldean bederatzi lagun gara eta lau-bortz elkartzen gara normalean. Jende gehiago sartzen bada freskotasuna eta ideia berriak ekarriko dizkiote plataformari.
Eta heldu den ikasturtean mobilizazioekin segituko duzue?
Bai, ikusiko dugu iraileko bilkura nola doan, zein indar eta asmo dagoen… baina aldaketarik ez bada, urrian, ikasturtean sartuta, berriz hasiko gara elkarretaratzeekin hilabetero.
Zerbait gehitu nahi duzue?
Baztango Osasun Kontseiluaren hondar bileran plataformak parte hartzeko aukera izan zuen. Bertan daude Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko udalak, Nafarroako ordezkaritza, Gizarte Zerbitzua, osasun langileak, sindikatuak eta bertze zenbait elkarte. Guk plataforma bezala ahotsarekin parte hartzen dugu, baina botorik gabe. Bertze erakunderen batek ere parte hartu nahiko balu, kontseiluko lehendakaria Baztango alkatea da eta berarekin harremanetan jarriz izanen du aukera. Kontseilua kontsultarako organoa da, ez organo erabakitzailea, baina Nafarroako ordezkariak dituenez eta eragile aunitzek parte hartzen dutenez, hor egosten denak bere garrantzia izanen du Osasunbidean. Gauzak ongi egiten ez badira, gure lana da egoera salatzea eta konponbideak eskatzea.