Senegalera joateko aukera Uharteko lagun baten medioz ailegatu zitzaiola esplikatu digu, hango eskola batek antolatuta. Hasieratik argi eduki zuen: «Ezin nuen ezetz erran». Hori horrela, aukerari bai erran zion eta, bizitakoak bizita, horrelaxe dio orain: «Mundua bertze begi batzuekin ikusten lagundu dit».
Diakene Ouoloff herrian Casamanze kultur etxea dago eta berez donostiarra izan baina egun bertan bizi den neska batek bideratzen ditu gisa horretako egonaldiak. Hala, berarekin igaro zituzten 10 egunak: «Lekua bere herria ere badela sentitzen du, eta horregatik, hango jendearekin batera, kultur etxea sortzea erabaki zuen. Helburua Euskal Herritik eta mundu osotik etortzen diren pertsonei hango kultura eta bizimodua ezagutzeko aukera ematea da. Senegaldarren bizimodua ikusteak, elkarbizitzeak eta beraiekin denbora partekatzeak egiten du bidaia hain berezia».
«Umeak guregana etortzen ziren jolastera, eta denek deneri agurra eskaintzen diete: «Kassumay!». Ongi etorriak sentiarazi gintuzten»
«Jendearen istorioak aditzen disfrutatzen dut», aipatu digu eta zenbat istorio aditzeko aukera eduki zuen Senegalen. Istorioak aditu zein, kontrara, istorioak kontatu; oraingoan bera da Senegaletik istorio anitzekin bueltatu dena eta horiek gogo handiz kontatu dizkiguna. Han «elkarbizitza» nagusitzen dela azaldu digu: «Herri ttiki hartan etxe ttikiak dituzte, lur guztia legarra da, mundu guztia ortozik, txerriak, oiloak eta animalia guztiak herrian barna... Ez dute inolako estimulurik, bakarrik animalien soinuak aditzen dira, eta gauen argirik ez dagoenez, izarrak zeruan eta lurrean ipurtargiak dituzte. Eguzkia joan arte egun osoa kanpoan egoten dira, denak elkarrekin».
Gainera, hasmentatik harrera «arras goxoa» egin zieten: «Umeak guregana etortzen ziren jolastera, eta denek deneri agurra eskaintzen diete: «Kassumay!». Ongi etorriak sentiarazi gintuzten». Konparatzeari ekin dio eta, hemengoarekin alderatuta, diferenteak izan baina zeinen «diferente» jokatzen dugun kritikatu du, zer ikasi badugula ziurtatuta: «Ikusita beraien etxeko ateak parez pare irekitzen dizkizutela, pentsatzen dut gero honat etortzen direnean zenbat zailtasun dituzten bai harremanetan sartzeko, eta baita gure etxeko ateak irekita harrapatu eta gure bizimoduan sartzeko ere».
«Goiz osoa joaten zaie arroza prestatzen, bitartean, su ondoan familia guztia egoten da: umeei ilea orrazten, kantari, solasean… presarik gabe, erlojurik gabe»
Bizia ospatu
Egunak astiro igarotzen dira han: «Goiz osoa joaten zaie arroza prestatzen, bitartean, su ondoan familia guztia egoten da: umeei ilea orrazten, kantari, solasean… presarik gabe, erlojurik gabe». Gure begietara «baliabide gutti» dituztela dio, alta, beraiei duten horrekin aski zaiela aipatu ere bai. Hala, urte berriko ohituraz mintzatu da: «Urte berria ospatzeko, dantza moduko bat egiten dute, kantu bera kantatuz eta matxeteekin erritmoa markatuz, horiek baitira erabiltzen dituzten instrumentuak. Guri ere dantzatzera animatu ziguten, bizia ospatzen ari zirela erran ziguten. Bertze begirada batetik ikusten dute bizia, eta biziari eskerrak emateko eta urteari amaiera emateko denek elkarrekin dantzatzen dute». Bizia eta haren joan-etorriak esplikatzeko sinesmenak dituzte hizpide: «Biziak ematen dizkien mezuei kasu egiten diete. Hemen dena kontrolpean eduki nahi dugu, azalpenak eta frogak behar ditugu, han, aldiz, sinesteak eta intuizioak bertze pisu bat dute».
Emandakoa anitz izan da: «Bizia ulertzeko modu anitz daude, baina inportanteena da daukagunarekin bizia ospatzea eta ondokoekin dantzatzen segitzea, beti».