Baztango Udalak bailara ikergai duten gradu eta master akaberako lan eta proiektuak laguntzeko dirulaguntza deialdia egin du bertze urte batez. Deialdian parte hartzeko hiru baldintza bete beharko dira: Baztanen erroldatua egotea edo erroldatua egon izana, 2025/26 ikasturtean GRAL edo MALa egitea eta udalarekin zorrik ez izatea.
Lanak baloratzeko hurrengo irizpideak hartuko dituzte kontuan: gaiaren interes soziala eta Baztango erronkei egiten dien ekarpena; berritasuna eta berrikuntza; edukien egitura eta koherentzia; eta idazketaren kalitatea eta argitasuna. Bereziki baloratuko dira «trantsizio ekosozialarekin, berdintasunarekin eta Baztango hizkuntz errealitatearekin lerrokatutako proposamenak».
Gaur, ekainaren 26an argitaratu da deialdi publikoa eta interesa dutenek hilabeteko epea izanen dute eskabidea aurkezteko udaleko erregistroan. Eskabidea eta informazio guztia eskuragarri hemen.