Elizondon eginen dute aurten Gazte Topagune Sozialista

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 26a

Pasa den ortziralean egin zuten topaketaren aurkezpena Elizondon. Argazkia: utzitakoa.

Urriaren 9tik 12ra eginen dute eta hurrengo asteetan zabalduko dute egitarau osoa.

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) aurkeztu zuten pasa den astean urriaren 9tik 12ra eginen duten Gazte Topagune Sozialista. Lau egunez, «formakuntzarako, eztabaidarako eta aisialdirako tartea» eskainiko dute hitzaldi, kontzertu eta zenbait jardunaldiren bitartez. Egitarau osoaren berri ez dute eman oraino, baina heldu den asteetan Instagramen argitaratuko dutela iragarri dute. 

Azkenekoz Altsasun (Nafarroa) egin zuten 2024an eta pasa den urteko hutsunearen ondotik Baztan, zehazki Elizondo, izanen dute aurtengo topaleku. 2019an egin zuten lehenbiziko edizioa Azpeitian (Gipuzkoa) eta ordutik bertze lau ere egin dituzte, hiru Nafarroan eta bat Bizkaian: 2021ean eta 2024an Altsasun, 2022an Durangon (Bizkaia) eta 2023an Iruñerrian (Nafarroa).

Urtez urte aldaketak egon arren, egitasmoaren nondik norakoek eta helburu nagusiak Azpeitian egindako lehen edizio horri segitzen diote: «Sozialismoaren bidean indarrak batzea». Hala eta guztiz ere, aurten lemape berri baten pean aurkeztu dute ekimena: Dagoena onartu ala borrokara batu. Hurrenez hurren; «faxismoaren gorakada, antifaxismoaren kriminalizazioa, eskubide politikoen atzerakada, ideia matxisten hedatzea eta gazteriaren geroz eta bizimodu prekarioagoa» izanen dituzte aurtengo solasbide. «Hori delako agintari eta enpresariek inposatu nahi digutena», beraien erranetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun