Eskualdean Cederna Garalurrek koordinatutako egitasmoa da Gastrolurra, eta osagarritzat ditu turismoa eta tokian tokiko produktuak. Izan ere, ekimena aitzinera ateratzeko lanean aritu direnek esplikatu dutenez, «Baztan bisitatzen dutenek miresten duten paisaia ez da kasualitatez existitzen; bertako belardi, baso eta mendien gibelean lurraldea bizirik mantentzen lagundu duten nekazari, abeltzain, artisau, elaboratzaile eta negozio ttikiak daude». Gauzak horrela, proiektuak kanpokoa bertakoarekin eta, alderantziz, bertakoa kanpokoarekin lotuko du onurak bi aldetara zabalduz. «Eredu bat zeinetan bisitariek, ekoizleek, zaharberritzaileek eta ostatuek elkarlanean jardunen duten turismoak sortutako aberastasuna lurraldean gelditzeko eta hura kontserbatzen laguntzeko».
Markulluko despentsa
Proiektuaren oinarriak errealitatera ekartzeko, Markullukoek tokiko produktuez hornituriko despentsa paratu dute landetxe atarian, eta apal horien gainean dituzte Irular mermeladak, Jauregia esnekiak, Agorleku gaztak, Barrutia 12 Harategiko produktuak, Larraldea Sagardotegiko sagardoa, Baztango Xurie ardoa, Amaur Baztango garagardoa, Ernaut euskal txerri produktuak eta gehiago ere bai.
Gisa horretan, landetxera ailegatu bezain pronto konektatu dezakete bisitariek ingurunearekin. «Bisitatzen gaituztenek Baztango paisaia dastatzea nahi dugu. Gazta, marmelada, ardo edo sagardo bakoitzaren gibelean pertsonak, kultura, tokiko ekonomia eta ezagutzea eta zaintzea merezi duten bizimoduak daude», azaldu du Maxux Goñik, Markulluko Borda Rural Suites etxeko arduradunak.
Bihar arratsaldeko 19:30ean eginen dute Markulluko bordan despentsaren erakustaldia, eta bide beretik, Gastrolurra proiektuaren aurkezpena ere bai. Hurbileko zenbait ekoizle eta proiektuaren parte izan diren zenbait eragile bertaratuko dira eta egitarau borobila prestatu dute: Iruritako Olari jatetxeak bere ardo nafarren aukeraketa berria aurkeztuko du sommelier batek gidatutako dastaketa baten bidez eta ondotik, Barrutia 12 Harategiak eskainiko du merienda.