Elizondon egitekoa zuten behi azienda piriniotarraren lehiaketa-enkante nazionala bertan behera utzi dute aurten

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 24a

Aurten ez dugu ikusiko horrelako irudirik. Artxiboko argazkia.

Dermatosi nodular kutsakorraren (DNK) hedapena saihestu eta horretarako hartu beharreko neurriak kontuan hartuta, aurten lehiaketa-enkarterik ez egitea erabaki dute antolatzaileek eta agintariek.

Urteroko legez, irailean ospatuko zuten Elizondon Behi Azienda Piriniotarraren Lehiaketa-enkante Nazionala. Eginen balitz, aurtengoa XXXVII. edizioa izanen litzateke. Dermatosi nodular kutsakorra behi aziendei eragiten dion gaixotasuna izanik, aurten feriarik ez egitea erabaki du Baztango Udalak. 

Behi Azienda Piriniotar Hazleen Elkarteak bilkura izan zuen pasa den ekainaren 12an eta gaixotasunaren hedapenak eragin duen egoeragatik, aurten, feriarekin aitzinera ez segitzeko erabakia hartu zuen. Behin erabakia hartuta, Baztango Udalari eman zion horren berri.

Gaixotasunaren aitzinean, tratamendua diferentea izan da lurralde bakoitzean; txertoen kontua, erraterako. Kasurako; Euskal Autonomia Erkidegoan, Kantabrian eta Aragoin debekatuta dago behi azienda piriniotarrak parte hartzen duen ospakizun oro egitea. Nafarroan halako debekurik ez badago ere, antolatzaileek adierazi dutenez, «arras zaila» izanen litzateke Nafarroatik kanpoko aziendak feriara ekartzea, eta hori horrela, egitasmoak berezkoa duen kutsu nazionala galduko lukeela aipatu dute. Horregatik, lehiaketa-enkantea bertan behera uzteko hautua hartu dute. Alabaina, hurrengo urteetan Elizondon antolatzen segitzeko asmoa erakutsi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun