Baztan eta Lekunberriko udalek tokiko elikadura osasungarriaren aldeko akordioa sinatu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 24a

Fernando Anbustegi Baztango alkatea ezkerrean eta Arakaitz Goikoetxea Lekunberriko alkatea eskuinean. Argazkia: Baztango Udala.

Baztango Udalak adinekoen egoitzan abian duen nutrizio sistemari buruzko informazioa pasatuko dio Lekunberrikoari eta honek bildutako informazioarekin elikadura sistema propioa sortuko du eguneko zentrorako eta jubilatuen elkarterako.

Baztango Udalaren eskumeneko Zaintza Lanak Baztan enpresak beregain hartua du elikadura sistema osasungarria bermatzeko ardura, horretarako tokian tokiko produktuak lehenetsita. Estrategia hori martxan dago 2023tik Elizondoko zahar etxean, eta aurtengo ikasturtean, Hemengoak proiektuaren bidez, Elizondoko haur eskolara ere hedatu zuen egitasmoa.

Bide horretan, pausu bat gehiago eman du Baztango Udalak eta Lekunberriko Udalarekin sinatu du elkarlanerako hitzarmena. Horrela, Baztango Udalak adinekoen egoitzan abian duen nutrizio sistemari buruzko informazioa pasatuko dio Lekunberrikoari eta honek bildutako informazioarekin elikadura sistema propioa sortuko du eguneko zentrorako eta jubilatuen elkarterako. Eragileek esplikatu dutenez, akordioaren helburua «tokiko elikadura sistema jasangarriak indartzea eta elikadura osasungarria sustatzea» da, «bertako, garaiko, ekologiko eta kalitatezko produktuen alde eginez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun