Baztandarren besta bereziak badu data dagoeneko: uztailaren 19an ospatuko dute aurten. Hori horrela, besta diruz laguntzeko asmoz, duela aste batzuk tonbola martxan paratu zuten eta txartelak Baztango hamabortz herrietan daude salgai. 1700 sari baino gehiago bildu dituzte; horien artean, jatetxeetan otorduak, autoendako olio aldaketak, etxetresna elektrikoak, sukaldeko tresnak, ostatuetan tragoak eta pintxoak, bertako produktu loteak, tratamendu estetikoak, inguruko komertzioetan gastatzeko baleak, landetxeetan egonaldiak, BKZ parkean abentura diferenteak, eta gehiago ere bai.
Gainera, nahiz eta txartela erosi eta zuzenean saririk ez tokatu, Baztandarren Biltzarra egunean egitekoa duten zozketan parte hartzeko zenbakia gordetzen da hortxe. Hurrenez hurren, Baztango komertzioetan gastatzeko 500 euroko txartel bat eta 250 euroko bi txartel zozketatuko dituzte.
Herriz herri, hurrengo lekuetan erosi daitezke tonbolako txartelak: Noa, Casino, Fantxike, Axular, Arkupe, Malkorra, Kiliki, Saioa, Mendi, Intza, Autxitxia, Labaien, Adela, Idoia Oteiza, Pixtu, Urgain, Beola, Iparla, Altxuko denda, Anizko elkartea, Berroetako elkarteak, Lekarozko elkartea, Azpilkuetako elkartea, Arizkungo harategia, Zentro zibikoa eta Amaiurko hotela.