Baztango Koro Ttikik eta Iruritako Dantzariek, bertze behin ere, bat egin dute eta herenegun aurkeztu zuten Baigorriko damak dantza eta kantua uztartzen dituen emanaldia. Iruritako merenderoetan egin zuten, halere, behin kontakizuna hasita dantzari eta abeslarien laguntzaz, Baigorrirainoko bidaia egin zuen publikoak; han kokatzen baitzen istorioa.
Emanaldian herri berekoak, baina urrunekoak diruditen bi mundu diferente paratzen dira aurrez aurre: Teresa Iruritako markesaren alabaren eta Maddi baserritarraren arteko laguntasunaren bueltan osatzen da kontakizuna
Emanaldian herri berekoak, baina urrunekoak diruditen bi mundu diferente paratzen dira aurrez aurre: Teresa Iruritako markesaren alabaren eta Maddi baserritarraren arteko laguntasunaren bueltan osatzen da kontakizuna. Istorioa Julio Sotok idatzitako bertsoen bitartez kontatzen da, eta Josune Makibar eta Mari Jose Alañak jarri zieten ahotsa. Teresa eta Maddik Baigorrin egiten dute topo eta haien bizitzek hor bat egiten duten arren, desberdintasunak nabarmenak dira. Halabeharrez, haien bizipenak kontatuko dituzte eta desberdintasunak agerian geldituko dira.
Bero sapa egin bazuen ere, arratsaldea «giro goxo» eta «ederrean» iragan zela erran dute antolatzaileek: «Jendea alaitsu eta kontent!». Oro har, balorazio positiboa egin dute: «Majoxko musika taldeak eta Baztango Koro Ttikik Kristina eta Maki Urtasunen gidaritzapean, lan ikaragarria egin dute ikasturte guzian kantuak prestatzen, partiturak eta letrak doitzen, konponketak egiten…Dena Iruritako Dantzarien koreografiak ikusgai egoteko. Laguntza aunitzi esker, dena bikain atera zen!».
Ildo beretik, esker oneko hitzak luzatu dituzte: «Esker bereziak eman nahi dizkiegu Baztango Udalari, Iruritako Herriari, Panificadora Baztanesari, Virgilio Oinetakoei, Joanes Altxuri kartelaren diseinuagatik eta Nahia Bayloni partiturak idazteagatik. Herritar talde bati ere bai, muntaian laguntzeagatik eta merienda prestatzeagatik».